Zaurgarritasun digitala

Iturria // Argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2775/teknologia

 

Azken bi urteetan zaurgarritasun digitalaren inguruan lan egiten aritu naiz, eta ohartu naiz arrakala digitalak ez dituela biltzen bazterkeria digitalean egoteko arrisku guztiak. Arrakala digitalaz hitz egiterakoan eremu digitalaren aprobetxamendurako aukerak aztertzen dira: azpiegiturak erabiltzeko, gailuak erabiltzeko, ditugun ezagutzak (konpetentziak…), teknologiarekiko dugun harremana…

Nolabait, arrakala digitala murrizteak berarekin dakar pertsonak gai izatea eremu digitalak garai bakoitzean ematen dizkigun aukerak erabiltzeko. Aukera hauek aldakorrak dira, beraz arrakala digitalaren forma nahiko mutantea da, une oro aztertu beharrekoa.

Baina zelan definituko genuke pantailatik begiak ezin kendu bizi den pertsonaren egoera? Eremu digitalean bortizkeria pairatzen duenarena? Bazterkeria jasaten ari denarena?…. Hori, arrakala digitala da? Behin, Ane Ortiz de Zarate sexologoari zera entzun nion: “Errealitatea dena da”. Hau da, askotan mundu errealaz eta digitala den beste mundu horretaz hitz egiten dugu, gure denbora eta indarrak eten egingo bailiran hor gaudenean, gure bizitzetan eraginik ez balu bezala. Baina eskaintzen dizkiogun neurrian hartuko ditu eremu digitalak gure denborara eta indarrak. Joan den astean lantegi baten itxieran langileek honakoa adierazi zuten: “Bortizkeriak egokitzeko ahalmena du”.

Hots, ardurak ez du soilik zerikusia arrakala digital tekniko eta konpententzialekin, kontuan hartu behar da eremu digitalean zelan, zertarako eta zenbat gauden ere. Eta horretarako, beharbada gure arrakala digitala ezagutzeaz gain gure zaurgarritasun digitala ere ezagutu beharko genuke. Eremu digitalean dauden eragileen interes eta jokabideen aurrean gure zaurgarritasuna hobeto ezagutu behar dugu. Hala, kontzienteki hasiko gara ulertzen noraino gauden prestatuta dugun digitalizazio eredu honi aurre egiteko, bere gauza onenak geureganatzeko eta txarrenak eragozteko, eta animatzen bagara, alternatibak eraikitzeko.

Irudia // neuetani // https://www.instagram.com/neuetani/

Lizentzai // CC 3.0

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude