Kulturaren euskarriak
Iturria // Argia
Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2774/teknologia
Teknologiak, historikoki, ekonomian eta botere harremanetan eragiteko mekanismo efektiboak izan dira. Orekak berregituratu ditzakete. Literatura, arte biziak, musika, ikus-entzunezkoak, bideo-jokoak… Sorkuntza eremu anitz daude, eta euren lana jasangarri egiteko bide ezberdin ugari jorratu izan dituzte sortzaileek. Hala, euren lanaren inguruan jarduera ekonomikoak sortu dira.
Digitalizazioak 50 bat urte ditu eta hasieran negozio eredutan eragiteko potentziala ez genion guztiz antzeman. Hasieran, eraldaketa digitalak edukien kalitatean zekartzan onurak soilik ulertzen genituen. Gailu sortzaileek ordea beste onura bat aurkitu zuten, eduki kopuru handia jasotzeko digitalizazioak zekarren aukera. Ideia horrekin, “euskarri bat, sorkuntza lan bat, pertsona bat” eredua kolokan jartzen hasi zen. Aldaketa ez zen hor geratu. Lehenengo ordenagailu sarea, Arpanet, 69. urtean jarri zen martxan eta eduki digitalak partekatzeko aukera ekarri zuen. Gaur egun ezagutzen dugun sarea 90ean ezagutu genuen, eta mundu guztia konektatzeko aukera ekarri zuen. 2000. urte inguruan hodeiaren ideia hasi zen garatzen, nork bere ordenagailua gordailu gisa eduki beharrean zerbitzu hori ematen duen ordenagailu zentralizatuetara konektatzeko aukera sortuz. Sarearen forma eta berau kontrolatzeko moduak aldatu ziren. Horrekin, plataformak hasi ziren garatzen, eduki ugari pertsona ugariri leku bakar batean eskaintzeko aukerarekin. Eta “euskarri bat, sorkuntza lan guztiak, mundua” eredua zabaldu da.
Kontua da, kontsumorako erosoa izan arren, eredu horrek sortu dituen botere harremanek leku gutxi uzten diotela sortzaileen bizitza sostengatzea bilatzen duen ekonomia ereduari. Hor gaude denok harrapatuta, eta sortzaileek hor egotea beste aukerarik ez dute. Bizitza txikia duen eredua da oraindik, soilik hogei bat urte. Aldaketa asko ikustekoak gara.
Irudia // neuetani // https://www.instagram.com/neuetani/
Lizentzai // CC 3.0
Erantzun bat utzi