Haur ziborgak
Ziborg hitza sortu zen izaki bizidun hobetu bat deskribatzeko. Gorputz organikoa eta teknologia elkartzean, gorputzaren prestakuntzak hobetuta dituen izaki biziduna litzateke ziborga.
Azkenaldian, haur txikientzako erloju adimentsuen eta kontrolaren inguruan pentsatzen aritu naiz. Nire haurrak ere erloju adimentsu bat nahi du. Erloju horietako batzuk interesgarriak izan daitezke, haurraren autonomia garatzeko tresna bat diren heinean. Beste batzuk, ordea, gurasoentzako eta korporazioentzako tresna bilakatu dira. Aplikazio bidez, haurraren gaineko kontrola baliatzen dute eta horrekin haurraren eta gurasoen arreta handiagoa eskatzen dute.
Kontrol logika horrekin saltzen ari diren erloju adimentsuak haurren jokabide eta gorputzarekiko kontrola handitzeko beharra areagotzen dute gurasoon gain. Aldi berean, lagun taldearen parte izateko bete beharreko eskakizun bilakatu dira haur askorentzat. Merkaturatzeko bidea, beraz, oso ondo diseinatua izan da eta negozio eredu ugari sustatzeko potentziala duen datu ustiaketa dago diseinu horren atzean.
Duela hamar urte, nik neuk, lagun batzuekin, horrelako proiektu bat egin nuen Arduino plataforma erabilita. Osasun eremuari loturiko proiektua zen, gaixo zeuden haur txikiak lo zeuden bitartean monitorizatzeko. Zenbait medikurekin bildu nintzen, eta proiektuaren prototipo xume bat atera genuen, ez zen oso ona. Gure ezagutzak ere txikiak ziren, baita horri eskaini ahal genion denbora ere, eta bertan behera utzi genuen. Baina uste dut badagoela aldea pertsona bat gaixo dagoenean monitorizatzearen eta pertsona bat denbora guztian monitorizatzearen artean. Gailu hauekin, denbora guztian gure haurren gorputzak monitorizatzearen beharra sortu digute. Hurrengo pausoa ez ote da izango haurren gorputzen konkista? Euren gorputzetan kontrol biometrikorako teknologia barneratzera helduko ginateke? Haur ziborgak izango ote ditugu? Zelan aldatuko ditu horrek guraso eta haurren arteko harremanak? Beharbada, horrelako gailu bat erostea pentsatzen gabiltzanean, erabakia hartzeko modu bat izan daiteke pentsatzea gailua norentzako tresna den benetan.
Irudia // neuetani // https://www.instagram.com/neuetani/
Lizentzai // CC 3.0
Erantzun bat utzi