#mooteu21 ikaskuntza-ingurune pribatiboen inguruan

Moodle ikaskuntza eta irakaskuntza kudeatzeko sistema librea da. Ikasteko ingurune birtuala bezala ezagutuak dira Moodle bezalako sistemak. Ikastaroak online egiteko aukera ematen duten programa-multzoa dira ikasteko gune birtualak.

Moodle bezalako sistemek ez daude zentralizatuta, zerbitzari ezberdinetan instalatu ohi dira, beraz datu horiekiko ardura eta erabilpen etika zerbitzari horien jabeena da.

Sistema librea izanik, Moodleen garapenean eragile ezberdinak parte hartzen dute, eta bere erabileraren inguruan komunitateak sortzen dira. Horrela, Euskal Herrian ere badago komunitate bat eta aurten #moteou21 topaketa ospatuko dute, digitalizazioa eta hezkuntza ardatz duen topaketa non gonbidatu ezberdinen esperientziak, proiektuak eta hausnarketak partekatzen diren.

Hemen programa: https://mooteu.eus/mod/page/view.php?id=619

Haritutik mahai inguru batera gonbidatu gaituzte, bertan ikaskuntza inguruneak pribatizatzearen inguruan hausnartzeko.

Eztabaida honen arrazoia batez ere COVID19aren ondoren zenbait korporaziok hezkuntzan hartu duten presentziak arduratuta sortzen da.

Eztabaida Jabi Luengok (Herrikide Ikastetxea) gidatuko du, eta Gorka Julio (Talaios), Javi Portillo (EHU) izango dira ere.

Haritun hezkuntzaren pribatizazioaren inguruan adituak ez bagara ere, uste dugu sanoa dela gai hauen inguruan hausnarketa kritikoak sustatzea, bidean asko ikasten delako eta partekatzearekin beste ikuspuntu batzuk ezagutzeko aukera dugulako.

Gurean ondorengo behaketak egin ditugu azken aldian:

  • Hezkuntzan badago eredu pribatua, eredu kontzertatua eta eredu publikoa. Aurreko biak garatzen dituzten hezkuntza proiektuetan eragiteko bide ezberdinak dituzte, publikoak mugatuagoak ditu bere aukerak.
  • Baina nolabait hezkuntzaren digitalizazioari dagokionez hiru ereduetan lortu dena badirudi ez dela oso ezberdina; badirudi, euren zerbitzuak doan eskaintzen dituzten plataformek hezkuntza eredu guztietan berdin sartu direla pribatuan, kontzertatuan eta publikoan.

Hausnarketa

  • Hezkuntza eredu ezberdinek, hezkuntza digitalizatzeko sistema pribatibo berdinak erabiltzen baldin badituzte (pribatiboak eta korporazio erraldoi batzuen hodeietan kokatuak):
  • Eta korporazio hauek hezkuntza digitalizatzeko eskaintzen dituzten plataformak jokabideak (ikasteko moduak, harremantzeko moduak,…) sortzen dituzten datuen azterketetatik informazio baliotsua sortzea eta hirugarrenei euren erabakietan laguntzeko (marketing erabakietarako, kontratazio erabakietarako, maileguen interesak erabakitzeko, egoera emozionalei loturiko erabakiak bideratzeko,…) negozio bihurtu badezakete.
  • Noraino botere harremanak aldatzeko bidean gaude hezkuntza eredu ezberdinetan?
  • Noraino plataforma hauek hezkuntza eredu guztiei berdin eragingo die euren hezkuntza proiektuei begira. Hau da, zertarako bereiztu hezkuntza ereduak, ikasleen etorkizuna gidatuko dituen beste aldagai batzuk badakartza digitalizazioak? eragin ez dezakegun koorporazio batzuen dinamikaren baitan?
  • Zein bazterkeria eta taldekatze eredu berriak asmatuko dira klase batzuk onuratzeko beste klase batzuen aurrean?

Cathy OΒ΄neill en arabera: pertsona pribilegiatuak pertsonengatik aztertuak izango dira, gainontzekoak makinek aztertuko dituzte.

Beste bat izango litzateke… nork pentsatu eta diseinatutako makinak?

Garai aldakorretan bizi gara eta jokatzeko arauak ez dira argiak. Ea pixkanaka pixkanaka denon artean ulertzen joaten garen gure mundua, bertan eragin ahal izateko.

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude