Ikasteko giroa
Iturria // Argia
Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2819/teknologia
Beharbada haur txikiak dituzuenok ezagutuko duzue Haur Hezkuntzan gelaren baitan ematen den txokoen dinamika. Bertan haurrak leku batetik bestera mugitu daitezke, esplorazio, esperimentazio, ikasketa eta partekatze etengabeko dinamika batean. Txokoek gai, material, tresna ezberdinak dituzte, eta haurrek bakoitzean gauza ezberdinak egin ditzakete, edota gauzak nahasi, dutenarekin jolas dinamika berriak sortuz. Ni ez naiz hezkuntzan aditua, baina ikasteko giro batean pentsatzen dudanean ez zait gela bat etortzen burura, ezta egun hain erabilia den pantaila ere… Haur Hezkuntzako txokoak datozkit burura, materialak, tresnak eta harremanak etortzen zaizkit burura. Haur Hezkuntzako txokoak niretzat inspirazio hutsa dira.
Teknologia asko zabaldu da hezkuntzan, mundua ulertzeko beharrezkoa izateraino. Lehen Hezkuntzatik jada badabiltza ikastetxeetan teknologia ezberdinak esperimentatzen, batez ere programazioa. Teknologiak ikasteko bidean, hezitzaileek ondo ulertu dute egitearen beharra. Egitearekin joaten gara ezagutza geureganatzen. Gaur egun, teknologia egite prozesu hauek ikastetxeen errealitate mugatuetara egokituta daude, dena dago ezagutza unitateetara mugatuta: Kit-ak, proiektuak… Beharbada ikasteko prozesua kontrolatzeko modurik eraginkorrena hori da.
Baina Kit-ak barik, proiektu itxiak barik… zer gertatuko litzateke ikasleei teknologiak ikasteko giroa eskainiko bagenie? Zer gertatuko litzateke haur txikiek txokoetan jolas librea duten moduan, gazteek txoko teknologikoak izango balituzte, non beste gazte eta pertsona batzuekin teknologiak esperimentatu, esploratu, eta kit eta prozesu itxietatik aldentzeko tartea ere izango balute? Zelan eraldatuko luke horrelako dinamika batek gure hezkuntza sistema? Eta teknologia sorkuntza moduak? Bizi ditugun gizarteak?
Irudia // Hirikilabs (egun MediaLab) JoLabs proiektuaren baitan eginiko lantegia
Lizentzia // CC3.0
Erantzun bat utzi