Adimen artifizialen munduak
Iturria // argia
Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2820/teknologia
Zelan ikusten du adimen artifizial batek mundua? Zelan erakusten diogu ikusi behar dugula? Bi galdera horietan ziklo bat hauteman dezakegu, alde batean bitarteko hori den adimen artifiziala elikatzeko eskura dagoen informazioa, beste aldean informazio horrekin adimen artifizialak sortzen duena eta gure gizartean eragiten duena.
Aste honetan gai honen inguruan eztabaida bi aurkitu ditut sareetan. Bata TikTok sarean (egun AEBetan debekatzeko bidean daudena) adimen artifizialarekin aurpegiak moldatzeko dauden iragazki eraginkorrek garena makillatzeko aukera ematen dutelako (errealitatearen pertzepzioa guztiz eraldatzeko potentziala baitute), horrek izan ditzakeen onura eta kalteekin. Kalteen artean, arreta jartzen badiegu TikTok iragazkiei, hauteman ahal izango dugu bazterkeria arazoak sortu ditzaketela. Iragazkien emaitzak, adimen artifizial horrek sortuak, aurpegi edertuak direlako. Edertasunaren ideia oso homogeneizatzaile batera bideratzen ditu erabiltzaileak. Zein eragin izan dezake horrek gure gizartean?
Beste berri bat ere aurkitu dut: teknologia korporazio handien jabe eta arduradunek sinatu duten gutuna, non adimen artifiziala gizartearentzat mehatxua izan daitekeela zabaldu duten. Adimen artifizialaren garapenarekin aurrera egin aurretik hausnarketa egitea merezi duela diote.
Berri bi horiek ikusita, eta gure lan-lekuetan, denbora librean, ikastetxeetan ditugun datu estrakzio sistemetan bururaino sartuak gaudela ulertuta, uste dut adimen artifizial arrakastatsuenak izango direla gure gizatasunaren ahultasunak hobeto bideratuko dituzten munduak sortuko dituztenak. Baina kontraesana badirudi ere, gure ahultasun horiek beraiek izan daitezke adimen artifizialak gidatutako munduei aurre egiteko modua. Elkarrekin lan egiteko eta sortzeko moduak bilatu ditzakegu, elkarbizitza sustatu, mundu makillatu bat izateko dugun teknologiaren beharra txikituz eta adimen artifizialak sortzen dizkigun munduen beharra txikituz.
Irudia // Cataracte et pupille artificielle // https://www.oldbookillustrations.com/illustrations/cataract/
Lizentzia // domeinu publikoa
Erantzun bat utzi