Zer inprimatuko dugu gaur?

Duela gutxi irakurri nuen  Instagrameko erabiltzaile batek honako hau galdetzen ziela bere jarraitzaileei: zer nahi duzue gaur inprimatzea 3D makinan?

Beti uste izan dut zerbait egin nahi dugunean, egin nahi dugun horren ekintzaren ondorioetan pentsatu beharko genukeela, are gehiago ekintza horrek objektu baten fabrikazioa badakar. Izan ere, objektu baten fabrikaziorako denbora, energia eta materialak kontsumitzen dira beti, etorkizunean objektu hori sortuko duen hondakinaz gain.

Nire kasuan, 3DLAN.org Elkarteko  partaide bezala, dudan motibazio nagusia 3D inprimaketarekin egiten ditugun lanak benetako giza balioa sortzea da. Eta hau iraunkorra izatea bilatzen dugu.

Sarrera honekin gustatuko litzaidake hausnartzea noraino bihurtu dugun fabrikazioaren demokratizazioa fribolitate batean, hau da noraino ari gara erantzukizun barik jokatzen eremu honetan.

Horretarako  3D inprimatzeak dakarren gastua edo kaltea baloratu beharko genuke.

3D inprimaketak noraino kontsumitzen ditu baliabideak eta sortzen ditu hondakinak?

Erreferentzia bat izateko, 3D inprimaketa (fabrikazio banatua eta pertsonalizatua) plastikozko injekzioaren fabrikazio zentralizatuarekin alderatuko dugu.

Alde onak

3D inprimaketarekin askoz merkeagoa da piezen serie txikiak ekoiztea; 150 unitate pieza baino gutxiago badira, normalean gehiago interesatzen da fabrikazio gehigarria (3D inprimaketa) erabiltzea.

Produkzio bolumenaren arabera, unitate kostuen kurbak. (Iturria: 3Dhubs.com)

Garraioa ingurumenean duen eragina murriztu egiten da. Produktuak bertan fabrikatu (K0 produktuak) daitezke 3D inprimatutako piezekin. Hau da, ez zaizkie urrutiko fabrikatzaileei eskatu behar, fabrika zentraletan oinarritutako fabrikazioan gertatzen den bezala.

Ordenagailu batean diseinatutako modeloak beste erabiltzaile batzuekin partekatu daitezkeen fitxategiak dira. Horrela, modelo hori hobetu eta nahi dugun beste inprimaketak egin daitezke. “Open design” edo diseinu irekia esaten zaio horri. Beste teknologia batzuetarako fitxategiak ere parteka daitezke, baina ez dira hain erraz fabrikatzen.

Kontra

Plastikoarekiko menpekotasuna. Etxean egindako 3D inprimagailu gehienek plastikoa edo erretxinak urtzen dituzte. Egia da Pla bezalako material batzuk artotik datozela eta konpostagarriak direla, baina prozesu hori aurrera eramateko gai den industria bat behar da.

Partikula kutsatzaileen emisioak. 3D-tan inprimatzen dugunean, plastikoak gas eta partikula kutsatzaile eta toxikoak igortzen ditu. Batzuk besteak baino gehiago. Informazio gehiago lor dezakezue 3dnatives artikulu honetan, gaiari buruzko ikerketa zientifiko bat aipatzen baita.

Ondorioak

Ikusten duzuenez, fabrikazio orok hondakinak eta kutsatzea dakar, nahiz eta oso txikia izan, eta hori kontuan hartu behar da. Ez dizuegu teknologia hauek erabiltzeko gogoa kendu nahi. Aitzitik, uste dugu fabrikazioaren demokratizazioak gure osasunean eta ingurumenean dituen eraginen kontzientzia handiagoa ekarri behar duela berarekin. Orain arte masa-fabrikazioan ez dira ondorioak behar beste kontuan hartu, masa-fabrikazioa delarik erabiltzen dituen lehengai kopurua eta sortzen dituen hondikinengatik fabrikatzeko modurik kutsakorrena. Eta egun ondorioak ordaintzen ari gara.

Erronkak

Badira zenbait erronka orduan:

  • Plastikoaren kudeaketa hobetu (etxetik hasita) gutxiago erosi, berrerabili ahal denean, eta birziklatu behar bada gurea  bezalako proiektuetan.
  • Material berrien ikerketa sustatzen jarraitu, plastikoa bakarrik gauza iraunkorretara zuzenduz (gurean egiten ditugun proiektuak helburu hori dutelarik).

Azken finean, sarrera honekin partekatu nahi dizuedana honakoa da: gure ekintzen eragina ezagutzea gure planetan bizitza sustengatzeko oinarrizkoa dela. Beraz jarduera bat egiterakoan, ondo pentsatu dezagun zelan egin gure naturarekiko eragina ahalik eta txikiena izan daiten pentsatuz.

 

Alberto Martinez (3DLAN.org Elkarteko lehendakaria)

 

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude