Teknologiaren demokratizazioa

Iturria // argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2822/teknologia

Gogoan dut orain dela 20 urte Google enpresa zenak bere hodeian ofimatika baliabideak atera zituenean izan nuen zirrara. Berrikuntza iraultzailea izan zen. Denbora igaro zen, eta bere negozio ereduaren norabidea ulertzen joan ginen, berandu zen ordea, gure bizitzetako eremu zaurgarrienetan sartuta genuen bere sistema: hezkuntza, etxea, osasuna…

Egun, zenbait adituk dio Google-en sistema ordezkatuko duen beste berrikuntza baten aurrean gaudela. Googlek erabili zuen estrategia berarekin, gure bizitzak errazteko tresna berri bat sartzen ari da gizartean: adimen artifiziala. Eremu guztietan sartu nahi da, lan prozesuak modu eraginkorragoan egiteko ahalmena baitu, eta horrek abantaila lehiakorrak ekarriko ditu, beraz ez erabiltzearen beldurra dago airean, atzean geratzearen beldurra.

Adimen artifiziala denon eskura izateari adimen artifizialaren demokratizazioa deitu diote, hau da, edozeinek nahiko modu errazean bere lan/sorkuntza prozesuetan adimen artifizial eskuragarri baten laguntza izateko aukerari. Baina batzuok jada ikasi dugu zeinen erraz egiten diren eremu digitalean gizakiok gizarte analogikoetan lortzen zailak izan ditugun onurekiko analogiak… Adimen artifiziala demokratizatzearen ideiaren azpian zer dago orduan? Erantzuna ez da zaila, gizakion arteko joko zaharra baita, menderatzearen jokoa, non joko taula berria sortu nahi den, botere harreman berriekin.

Arrakala digitalaren inguruan lan egiten dut, eta azaltzen dudan lehenengo gauzetako bat da teknologia bat izatea dela berau zerotik sortzeko aukera izatea. Teknologia sortzeko aukerak ez ditugunok erabiltzaileak gara. Egun, gero eta zailagoa da teknologia izatea. Inoiz baino arrisku handiagoa dugu mendekotasun teknologiko posizio batean bizitzeko. Baina noski, errealitateak ez du zertan bakarra izan; hori bai, errealitate horri aurre egiteko irudimen ugari izan beharko dugu. Erabiltzailez beteriko herriak baino, hiritarrez beteriko herriak izatera bideratuko gaituen irudimena behar dugu.

Irudia // Old book images + Canva AA // https://www.oldbookillustrations.com/illustrations/turkish-gunner/

Lizentzia // domeinu publikoa

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude