Espekulaziorako tartea
Iturria // argia
Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2823/teknologia
Espekulazio hitza kapitalismoarekin lotua da guztiz nire iruditegian. Hitz hori entzuten dudanean, burtsa, kriptotxanpon eta abarrekin espekulatzen duten pertsonengan pentsatzen dudanean, aitortu behar dizuet tripak nahasten zaizkidala. βDiruarekinβ ondo espekulatzeko oso pertsona informatua izan behar zara, gizakion gizarteetan balio ekonomikoa duten ondasun eta zerbitzuen gorabeherak ezagutu eta dirua handik hona mugitu, etekinaren bila.
Baina askotan, jokabide hori ikusita, ni neu ere nolabait espekulatzailetzailea naizela ohartzen naiz. Hau da, teknologiei lotuta ni ere banabil gauzak nondik joango diren pentsatzen denbora guztian. Ez ditut gauzak zerotik irudikatzen, dagoen informazioa erabilita agertoki ezberdinen inguruan espekulatzen aritzen naiz. Beraz, nolabait, hitz horrekin harreman berriak josten hasi behar izan dut.
Espekulatzeko grina leku ugaritatik pizten zait. Behin, autobusean nengoela, irratian Tecnaliako ikertzaile batek (ez dut izena gogoratzen) irratian honakoa esan zuen: “ChatGPT bezalako adimen artifizialek gaitasuna dute egitura duten hizkuntzak zerotik ikasteko, gutxieneko sarrera datuak badituzte, nahiz eta hizkuntza asmatua izan”. Nire irudimena piztu egin zen, eta automatikoki honakoa espekulatzen hasi nintzen: eta adimen artifizialek animalien hizkuntza ulertzeko gaitasuna izango balute? Zer elkarrizketa mota izango genituzke animaliekin? Entzuteko prest egongo ginateke esateko dutena? Nola aldatuko luke horrek gure munduaren egituraketa?…
Ulertzen dut animalien hizkuntzak gorputz eta jokabideekin harreman handia duela, baina, espekulatzen jarrita, animaliek elkar ulertzen badute, zergatik ez lituzke ulertuko horretarako trebatua izan den adimen artifizial batek? Sentsore ezberdinekin harreman ezberdinen datuak jasoko lituzkeen adimen artifizial batek? Espekulaziorako tartea hartzeak horrelako emaitzak ere badakartza, eta azkenaldian, hitz honekin gusturago sentitzen hasia naiz.
Irudia // Old book images + Canva AA // https://www.oldbookillustrations.com/illustrations/macaire-47/
Lizentzia // domeinu publikoa
Erantzun bat utzi