Iraunda ere desagertu?

Iturria // argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2820/teknologia

Bikoizketa automatikoaren inguruan zenbait eztabaidaren oihartzuna heldu da nire belarrietara aste honetan. Badirudi, badela zenbait adimen artifizial bikoizketa maila altua lortzeko bidean dagoena, gizakion parekoa, eta bikoizketa lana denbora errealean egin dezakeena.

Azken hogei urteetan jada lanbide askotan digitalizazioak ekarri duen lan galeraren mehatxua oraingoan bikoizle antzezleengana dakar teknologia honek. Bikoizketan dabiltzan profesionalek euren lan aukerak txikituko direla uste dute, modu merkeagoan adimen artifizial batekin ahots originalak erabilita edozein hizkuntzetara itzulpenak egiteko aukera garatzen doan heinean. Horretara helduko bagina, adibidez, Cate Blanchett euskaraz “bere ahotsean” entzun ahalko genuke, automatikoki bikoizturiko edozein pelikulatan. Hori guztia dela-eta, bikoizketa antzezleen  hainbat sindikatuk ahotsa altxatu dute: etorri behar denaren aurrean arreta jartzea eta arautzearen inguruan hausnarketa egitea eskatu dute.

Baina, eta hau guztia mehatxua baino, aukera balitz? Hizkuntza gutxituentzat aukera balitz? Noraino helduko da teknologia hau? Egongo al da bideo eta streaming plataformetan botoi bat, edozein hizkuntza jarrita bat-bateko itzulpen automatikoa egiteko? Onuragarria izango al litzateke hau hizkuntza gutxituentzat?… Hasiera batean baiezkoa etorri zait burura, baina pentsatzen jarrita, itzultzailetza automatizatuarekin munduko eduki guztiak gure hizkuntzan kontsumitzeko aukera bagenu, zertarako sortu hizkuntza gutxitu batean? Zein kultura izango litzateke izango genukeen kultur transmisioa? Nahiz eta hizkuntza askotarikoak izan, mundu-ikuskerak homogeinizatuko liratekete? Onuragarria litzateke? Hizkuntzek iraunda ere, kulturak desagertzeko bidean egongo liratekete?

Irudia // Meteor sower + Canva adimen artifiziala esperimentatzen // https://www.oldbookillustrations.com/illustrations/november-meteors/

Lizentzia // Domeinu publikoa

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude