Nagusi autonomo bakartiak?

Iturria // Argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2782/teknologia

Bizitza eta berau jasotzeko historiaren praktika ez dira marra zuzenak. Agian denbora asko igaro beharko da egun bizitzen gabiltzana ondo ulertzeko. Gaur, gure inguruan ditugun haur gehienek ez dute ezagutu pantaila gabeko mundurik. Aldi berean, leku berean denok pantailak baditugu ere, bakoitzaren errealitatea oso ezberdina da, irakurri eta idazten jakin barik pantaila-erabiltzailea izan baitzaitezke. Egun, pantailaren ideia telebistaren ideiatik urrun dago: paper adimentsua da pantaila, lokatz adimentsua, musika tresna adimentsua.

Pantaila interfazetzat duten tresna adimentsuek erabilera errazteko helburua dute. Guk egin beharreko lana murrizteko diseinatuta daude eta errealitate berri honetara azkar moldatzen ari gara gizakiok. Baina denbora espazio berean beti bizi izan dira behar oso ezberdinak dituzten pertsonak: bakardadean daudenak, gaitasun digital gutxi dutenak, muga fisiko zein kognitiboak dituztenak… Kasu hauetan, pantaila barik gailuen gorpuzkera berriak etxeetara sartzen hasi dira, hala nola bozgorailu forma duten laguntzaile birtualak. Non soinua (ahotsa) den aginduen sarrera bide nagusia eta egitekoaren irteera modu oso ezberdinetan eman daitekeen: argiak piztu, soinua, tenperatura kontrolatzea… Weneedtotalk.ai saiakeran, Julia Schneider eta Lena Kadriye ikertzaileek gai horien inguruan gogoetatu dute, komiki formatuan. Nagusien kasuan, bada gauza bat arreta ematen didana: gizaki bezala, badirudi helburu bat zahartzaroan ahalik eta modu autonomoenean bizitzea dela, eta horretan adimen artifiziala lagungarria izan daiteke askoren ustez, etxe domotizatuen bidez eta objektu ezberdinetan gorpuztutako laguntzaile birtualen bidez. Badut sentsazioa, ordea, egun egiten ditugun hainbeste gauzetan bezala, horrelako gailuak nagusien etxeetan zabaltzen badira, gure arreta nagusietan jarri beharrean nagusien laguntzaile birtualetan jarriko dugula, euretaz arduratzeko modua gailua martxan mantentzea bihurtuko dela. Apur bat gehiago urrunduko gara.

 

Irudia // haritulab

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude