Hirugarren sektorearen ahotsa

Iturria // Argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2780/teknologia

Azkenaldian hirugarren sektorearen eraldaketa digitalaz hitz egiten duten dokumentu ugari igaro dira nire eskuetatik. Agiri horietako zenbait, hirugarren sektorearekin zerikusia ez duten erakunde teknologikoak bultzaturikoak dira. Baina duela gutxi eraldaketa digitalaren inguruan hirugarren sektoreko zenbait eragilek landuriko topaketa xume bitan parte hartu nuen eta horietan bai, hirugarren sektoreak bazuen ahotsa. Ahots kritiko eta propositiboa entzun ahal izan nuen.

Heldu berria naiz sektore honetara eta asko dut ikasteko, baina azkar ohartu naiz digitalizazioan sektore honetako eragile askoren jarrera erabiltzaile hutsarena dela. Teknologian, aldaketetara egokitzeko bidea jarraitzen dute orokorrean, aldaketa teknologikoari forma emateko bidea hartu ordez. Azken finean, ardura larregi dituzte egunerokoan, euren tresnak pentsatzeko indarra eta baliabideak bideratzeko. Topaketa hauetan, baina, ezberdintasun bat ikusi nuen: erabiltzen duten tresna askori giza begirada falta zaiela adierazi zuten. Zer da ordea giza begirada? Zelan interpretatu dezakegu hori?

Nire ustez, eraldaketa digitalak giza begirada izango du baldin eta bazterkeria modu berriak sortzen ez baditu eta baliabideen ekologia egiten badu. Horretarako, beharrezkoa da arreta berezia jartzea garapen teknologiko hauek sustatzen dituzten negozio ereduetan, azpiegitura teknologikoak kalte ala onura diren naturarentzat eta herrientzat, gailuen iraunkortasunean eta horiek konpontzeko eta hobetzeko aukeretan, komunitatearentzat zenbateraino den aberastasun teknologia hori, eta azkenik, baina beharbada garrantzitsuen, teknologia pentsatu eta egitean aniztasuna kontuan hartzen al den.

Topaketa hauetan paradigma aldaketa bat igarri dut; sektorea ahotsa hartzen ikusi du, eraldaketa digitalari forma emateko bidea antzeman da. Teknologiak gizartean duen eragina hain handia izanda, nola ez du hirugarren sektoreak teknologian eta eraldaketa digitalean ahotsa izango?

Irudia // Charo Marcos, Otro Tiempo Elkarteatik // Hirugarren sektorea. Arlo digitalarekin lotutako gure lana.

Jatorria // EDE Fundazioa

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude