Mundua bitarteko: zein digitalizazio prozesu nahi dugu? (II) Hainbeste aldatu da mundua?

Gizakion historia ez da marra zuzena (nahiz eta askotan horrela erakusten diguten) asko gomendatzen dizuet Mary Beard historialariaren erromatarren seriea: Ezagutu erromatarrak ziurrenik plataforma ezberdinetan dagoela. Emakume honek bi gauza interesgarri (niri horrela iruditzen zait behintzat) egin ditu. Alde batetik historia pertsona xumeen ikuspuntutik berridazteko ahalegina, eta bestetik, pertsona xumeen eta batez ere emakumeon ahotsa isiltzeko historikoki egin diren ahaleginak aztertzea.

Gizadiaren historia hain luze honetan teknologiaren historian modu zehatzean ez gara sartuko, baina Mary Beard-en betaurrekoak gainean jarriko ditugu, bidai txiki bat egiteko, gure historia ubilean, digitalizazioari loturiko epe txikian bazterretan gertatzen ari denari arreta jartzeko.

Hasi aurretik teknologiaren inguruan zenbait ideia partekatu nahiko nituzke. Teknologian pentsatzean askok gaur egun ordenagailuak, kableak, zirkuituak,… ditugu buruan, baina teknologia teknika multzoa da ezagutza sistematizatu bat, gauzak egiteko moduak adierazten dituena. Oso garrantzitsua da zentzu horretan ondo bereiztea objektua eta teknologia kontzeptuen artean.

Ordenagailu bat adibidez objektu bat da. Ordenagailu bat duzunean ez duzu teknologia, objektu bat duzu.

Ordenagailu bat eraikitzen jakingo bazenu, teknologia izango zenuke, ezagutza.

Irudi hau, Standford Unibertsitateko giza zientzien ikerkuntza adarreko pertsonak sortua izan da, asko gustatu zait zeren eta teknologiaren historia modu berezian kontatzen digu: belaunaldietan.

Irudi honetan gizakiok elkarrekin informazioa eta ezagutza partekatzeko gure historian zehar sortu izan ditugun teknologia ezberdinak belaunalditan neurtzen ditu

Hizkuntzaren teknologia orain dela 1400 belaunaldi erabiltzen hasi ginela dirudi, oraindik darabilgu teknologia hau eta gizakion harremanerako klabea da. Elkar ulertzeko teknologia honek beste batzuk ekarri zituen: Idazketa orain dela 200 belaunaldi, inprenta orain diela 20 belaunaldi eta digitalizazioa, orain dela belaunaldi bat eta erdi.

Mundua asko aldatzen ari da, eta ez dakit noraino izango garen gai gizakiok hau ulertzeko, edota olatuan igo eta aurrera egiteko aukera bakarra dugun…

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude