Mugak

Iturria // argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2828/teknologia

Mugarri eguna izan dugu Durangon: herriko Alpino Elkarteak urtero bezala herritarrekin txangoa egiten du herri ezberdinen arteko mugak zehazten zituzten mugarriak ezagutzeko. Ederra izan da txangoa eta azalpenak inspirazio hutsa. Badirudi antzinean, herriko pertsona zaharrenek zutela mugarrien kokapenaren jakintza, eta pertsona horien laguntzarekin  urtero egiaztatzen zuten mugarriak beren lekuan zeudela. Egun, mugarriak antzinako dinamika baten oroimena baino ez dira, herrietako kartografia aldundietan digitalizaturik aurkitu baitezakegu. Baina zutabe honetako gaira bueltatuz, muga hitzak askorako ematen du. Eremu teknologikoan, mugak babestea baino, mugak gainditzea bilatu izan da beti, teknologiaren munduan “mugarriak” mugitzeko grina dugu gizakiok, baina antzinean ez bezala, aurreko egoerara bueltatzea ez da harri bat mugitzea bezain erraza. Zientzia eta teknologiaren “mugarriak” mugitzeak eraldaketa sakonak ekarri ditzake gizarteetan.

Adimen artifizialaren inguruan honako esaldia irakurri berri dut: “Adimen artifiziala gizadia desagertzeko aldagai bilakatu daiteke”. Esaldia Adimen Artifizialaren Segurtasun Zentroaren webgunean publikatu dute (safe.ai) eta gaur egun gai honen inguruan munduan ezagutza handiena dutenek sinatu dute. Nolabait, teknologia honen “mugarria” berrikusten dabiltza. Gizakion garapena aurrera doa etengabe, baina jada badugu zenbait memoria, ikusi dugu pentsatu barik egiteak, merkatuen tiraniak gidatuta, beti ez duela emaitza onik ekartzen. Gutuna sinatu duten askok aurrera egin ahalko lukete euren enpresen helburu ekonomikoen bilakaeran. Zorionez, modu etikoan jokatzeak ere badu lekua merkatuan, eta horregatik, gutuna ez da euren negozioen gainera harriak botatzea, euren negozioaren inguruan sustraiak eraikitzea baizik. Adimen artifizialaren inguruan estandarrak diseinatzeak, eta erregulazioa bultzatzeak, etorkizuneko adimen artifizialaren mahai-jokoako arauen diseinuan buruan jarriko ditu hausnarketa hauen inguruan dabiltzanak.

Irudia // Old book images // https://www.oldbookillustrations.com/illustrations/swineherd/

Lizentzia // Domeinu publikoa

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude