Lana eta teknologia
Iturria // Argia
Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2808/teknologia
10 urte nituela heldu zen gure etxera ordenagailu bat, 5 1/4eko disketeak zituen, kolore ugarikoak. Gorriak MS-Dos sistema eragilea martxan jartzen zuen, urdinak testu editorea, horia marrazketa programa zen… Orduak sartzen nituen ordenagailuan.
Garai hartan, akats ortografikoak genituenean hitzak ehunka aldiz errepikatzera behartzen gintuzten irakasleek. Ulertzen nuen irakasleen helburua, baina oso burugogorra nintzen eta errepikatzeak ez zidan ezertarako balio, nire arreta eta interesak ez baitzeuden ortografian. Beraz, lan hori egiteko lasterbide bat bilatu nuen, disko urdinarekin, testu editorearekin, kopiatu eta itsatsi egiten nituen hitzak eta minutu batean lana eginda zegoen.
Atzo lagun on batek ChatGPTaren inguruan hitz egin zidan. Adimen artifizial bat zeina eremu digitalari loturiko ia edozein gauza automatikoki sortzeko garatua izan den: abesti bat, testu bat, programa bat, webgune bat, eskolarako lan bat… Denon eskura dago, eta bertsio bakoitzak lan berriak aurrera eramateko aukerak ekarriko ditu.
Orokorrean, gizakiok teknologia asmatzen dugu ezin ditugun lanak egiteko edota egiten ditugun lanak errazteko. Dugun gizartean, ordea, bizitza on bat izateko lana behar dugu, eta lana gaur egun etengabe birsortzen eta bilakatzen ari den materia aldakorra da. Lanaren ideia horrek bere baitan lan ugari dakartza: ikasketa etengabea, esparru askotan lan egiteko eskakizuna… eta errealitate horretan automatizazioak laguntza dirudi, baina aldi berean konplexutasuna areagotzeko bide bilakatzen ari da. Konplexutasun horretan, botere harremanak ulertzea ere zailtzen da. Eta ikusten dugu ezagutza gutxiko lan aukerak murrizten doazela, teknologia metatzen doala modu gero eta merkeagoan; gizakion belaunaldi berriak ordea zerotik hasten dira beti, eta guretzat gero eta lan handiagoa da teknologiari gure bizitzetan ezarri diogun erritmoa harrapatzea.
Irudia // slime mod Jerry Kirkhart
Lizentzia // 2.0 CC
Erantzun bat utzi