Sare sozialetan egon?

Iturria // Argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2810/teknologia-2

Orain dela urte asko, Audiogalaxy plataformaren elkarrizketa gelari esker Europako pertsona ezberdinekin txateatzeko aukera izan nuen eta metal musika gotikoa ezagutu ahal izan nuen. Zaletu egin nintzen, musikara, baina gehiago beste pertsona batzuen eskutik gauza berriak ezagutzera. Gero txat plataformak eta sare sozialak etorri ziren, eduki bideoak, podkastak…

Hasieran lotsatik, gero bizitzako gertaera gehienak kontatzeko beharretik… orduak eta orduak ematen nituen plataformetan. Egun, mugikorrekin, plataformetan egoteko modua aldatu egin da, ez duzu pantailaren aurrean eserita egon behar, baina beti zaude plataformaren baitan.

2018an sare sozialak elikatzeari utzi nion. Urteekin hobeto ulertu dut nire burua noiz den zaurgarria, hobeto ulertu ditut zenbait korporazioren negozio ereduek pertsonen aldetik behar duten arreta maila, eta hobeto ulertu dut zeinen bizitza-denbora gutxi dudan aurretik.

Gazteen eta sare sozialen inguruan hausnartzeko talde batera gonbidatu naute. Taldearen ardura handiena da neska gazteek sare sozialen espazioa bereganatu dezatela. Zergatik espazio hori? Zergatik ez sortu beste espazio batzuk? Gazteek sare sozialak erabiltzen dituztela errealitate bat da. Munduaz duten irudia hortik eraikitzen dute, harremanak sortzeko eta mantentzeko bidea dute. Sare sozialak tresna gisa ulertzen dituzte, benetan beste batzuen esku eta interesen baitan dauden zerbitzuak direnean.

Gizakiok badugu gizartearen parte izatearen ideia bat. Ideia hori ez da berdina denontzat, eta gazteen kasuan badirudi sare sozialak sartzen direla ideia horretan. Beraz, sareak ez erabiltzeak ez dirudi epe laburreko konponbidea eurentzat. Neska gazteak irudi horretan zenbait kalte izaten ari dira. Zelan berregin irudi hori? Zein β€œbidaia” egin behar dute gazteek plataforma hauen interesak ekidin eta ahalik eta mundu osasuntsuenean sareak erabiltzeko? Gizartearen parte izatearen ideia berregiteak gazteentzako teknologia berregitea al dakar?

 

 

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude