Izena duena da

Iturria // argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2832/teknologia-2

Zis edo zisgnero hitzak erabiltzen dira jaiotako sexuarekin edota hezitako generoarekin eroso sentitzen diren pertsonak izendatzeko. Jaiotako sexuarekin edota ezarritako generoan eroso sentitzen ez direnak trans pertsonak izango lirateke. Errealitate hau beti existitu da, baina garai bakoitzeko gizarteek eta euren botere harremanak josteko moduek eragin dute horrelakoak ikusgarri edo ikusezin bilakatzea. Izena duena badela esan ohi da euskaldunon artean, horrela, trans eta zis hitzekin errealitate hori badela ulertzeko modua dugu. Beharbada askorentzat hau berria da, moda bat, asmakizun bat, baina askorentzat euren bizitzaren zentzua da.

Badirudi ordea, errealitate hori zenbaitentzat ezerosoa dela, bestea definitzea ondo dagoela (trans dena), baina norbera definitua izatea (zis dena) ez dela hain egoki ikusten. Horregatik, beharbada, pasa den astean Elon Musk Twitterreko jabeak iragarri zuen zisgenero eta zis hitzak iraingarriak direla, eta jazarpen jokabide bezala hartuko direla modu errepikakorrean erabilita, erabiltzen dutenei kontua denboraldi baterako itxi diezaieketela.

Gizakion joera da sailkatzea, bestea zer den definitzea, babestuta sentitzeko estrategiak dira, oso barneratuak ditugunak. Beharbada bestea izendatzea beharrezko pausoa da norbere burua ezagutzeko eta zaintzeko, batez ere zapalduak izan direnen artean. Musk-ek egin duen mugimenduarekin dugun haurtzaro digitala agerian geratu da, hitz bat debekatzeak ez baitu ezkutatuko aurrera egin nahi duen errealitate bat.

2022ko abenduan, Gorroto Digitala Indargabetzeko Zentroak (counterhate.com) eta beste eragile batzuek garaturiko analisietan (The Musk Bump: Quantifying the rise in hate speech under Elon Musk) ondorioztatu dute Twitterren gorroto-diskurtsoen kopurua izugarri hazi dela Musken zuzendaritzapean.

Irudia // Alexandra Koch // https://www.publicdomainpictures.net/es/view-image.php?image=399559&picture=arcoiris

Lizentzia // domeinu publikoa

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude