Teknologia konpontzailea

Iturria // argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2831/teknologia

Bada esaldi bat asko atsegin dudana, baina norena den ez dakidana: “Teknologiak ez ditu beti konponduko gizakion arteko arazoak”. Zientzia eta teknologiari esker, pertsona askok bizitza hobe bat dugu; dutxa bero bat hartzea teknologiak eman digun luxu handienetarikoa iruditzen zait. Zientzia eta teknologiari esker zenbait senidek bizirik jarraitzen dute, urrun dagoen lagunarekin harremana izan dezaket…

Batzuentzat, teknologia da arazoen konpontzaile bakarra, eta batzuetan bada. Baina teknologiak bizitzako arazo guztiak konponduko dituela pentsatuz, nire ustez, gizarteak onuragarriak ez diren zenbait agertokietara bideratzen gabiltza. Eskolan ikusten dugu, teknologia gelan txertatzeko moduetan. Ikastetxe askotan, ipuin bat irakurtzeko biribilean eseri beharrean pantaila handia darabilte, ikus-entzunezkoa baliabide hobeagoa balitz bezala. Ikus-entzunezkoak marrazki ederrak ditu, beharbada ahots polit bat… baina ez al gara zerbait galtzen ari? Hurbil eta ezaguna den irakaslearen aurpegiaren espresioa, gorputzaren mugimendua, ikasle lagunen arteko harremana, irudimenarentzako lekua izatea… Parte izatearen aukera.

Automatizazio prozesuekin antzeko zerbait ikusten dut, ez dut uste gizakion bizitzarako onura asko duenik lan errepikakorrak egiteak. Gizakiok bizitzari zentzua ematen diogu egiten ditugun gauzen bidez, eta beraz lan errepikakor bat badugu, zentzua beste zerbaitetan bilatuko dugu. Lan errepikakorrak desagertzen joango direla diote adituek. Horrek, pertsonak gizarte baten parte izateko dituen aukeren arabera, bi ikuspuntu arin dakartza nire burura: lehenengoa, ordaindutako lan gutxiago egingo dugu, denbora gehiago izango dugu gizartean eragiteko. Bigarrena, denok ez dugu lan ordaindua izateko aukera izango, gure bizitza geratuko da bizi dugun gizarte ereduaren esku.

Beraz, teknologia konponbideak aurkitzeko lagungarria izan daiteke, berau sortzen duen gizartea indartsua bada. Eta horretarako, beharbada, ipuinak pantailan ikusi ordez, biribilean eserita ipuinak kontatzera bueltatu beharko ginateke berriro ikasgelan.

Irudia // Old Book images + Canva AA

Lizentiza // domeinu publikoa

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude