Etorkizuneko ikasgelak hackeatzen

Iturria // argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2829/teknologia

Nire zaletasunetariko bat sortzaileen lantegiak bisitatzea da. Askok bizilekua eta sorlekua elkarrekin lotuta zituzten, lehenaldian nabil, bisitatu ahal izan ditudanak antzinako sortzaileenak izan direlako. Han egonda, ulertzen duzu zeinen garrantzitsua den espazioa eta ingurua sorkuntza prozesuetan.

Izango dugun etorkizuna, proiektatzen dugun etorkizuna izango da. Egun, ikastetxe askotan ditugun egiturak oso zurrunak dira, eskulana sortzeko diseinatu zirelako. Hori bai, irakasle hacker asko dugu inguruan eta bizitza on baterako beharrezkoak diren balioekin hackeatu dituzte ikastetxeetako dinamikak: elkarbizitza, errespetua, zirkulazio librea, gorputza… Zementuzko egituren baitan hainbeste ordu ematen dituzten haur eta gazteek, bizitza on baterako dimentsioa ere arnastu dezaten.

Pozgarria da jakitea Hezkuntza sailaren baitan, ikasleek egon behar duten espazioari eta ikasketa dinamikei gero eta garrantzi handiagoa ematen zaiola. Eta duguna hobetze aldera, proiektu ezberdinak sortzen dabiltzala, tartean Etorkizuneko Ikasgela: Sormen Glab deitua. Momentuz froga fasean da.

Zoritzarrez, Sormen Glab-aren mundu-ikuskera da pantailak hegemonikoak izango diren etorkizun baterako ikasleak prestatzea. Pantaila bidezkoa da klaseko dinamika asko. Etorkizun horretan, pantailaren atzean bideratzen diren prozesuen laguntzaile soil bilakatuko da irakaslea? Antzinako sortzaileen lantegietan bezala, eskuak zikinduko dituzte ikasleek? Plastilinarekin eraiki edota buztinarekin moldatu? Elkar ukitu ahal izango dute ikasleek ala harreman guztia pantailen bidez emango da? Sorkuntza eta esperimentazio askerako tokia egongo da?…

Ziur naiz dena ez dela hain zurruna izango, hezkuntza komunitatearen eta ikasleen errealitateek etorkizuneko gela horri benetako bizitza emango diotela, erabilera puntualetarako espazioa baino, laborategi bizi bilakatuko dituztela. Beharbada software librea instalatuz, beharbada kitak erosi ordez jostailuetako aldagai elektronikoak berrekuratuz… berriz ere, egitura zurrun bat bizitza on bat baterako espazio bilakatuz.

Irudia // haritu + Canva irudiekin // https://www.oldbookillustrations.com/illustrations/blowing-imitation-pearl/

Lizentzia // creative commons 3.0

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude