Egoitza elektronikoen unibertsoa

Iturria // Argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2790/teknologia

Gure egunerokoan erakunde ugarirekin kudeaketak egiten gabiltza, publiko zein pribatu, eta internet gauzak erraztera etorri da neurri batean: ez gara desplazatu behar, ziurtagiri digitalekin gure nortasuna egiaztatzen da tramiteak egiterakoan… eta erakundeentzat prozesuen kontrola eta ikuskatzea nabarmen hobetzen dira.

Hala ere, sistema konplexu hau barneratzea ez da lan erraza askorentzat. Lan munduko egoitza elektronikoak eta mundu pribatuko egoitza elektronikoak alde batera utzita, eremu publikoan maila askotariko egoitza elektronikoak ditugu eta horiek, azken batean, administrazio publikoaren unibertsoaren isla digitala dira. Udalarekiko tramiteak (zaborra, zirkulazio zerga, erroldatzea, laguntzak…), Aldundiarekikoak (PFGR, Oinordetzak,…), Eusko Jaurlaritzarekikoak (hezkuntzari lotuak, osasunari, kontsumoari, lanari…), Estatuarekiko tramiteak eta abar ulertzea da erronka handiena nire ustez, eta deigarria egiten zait sistema konplexu honek interneten duen isla ez ulertzeari arrakala digitala deitzea. Arrakala digitala txikitzeko indarrak egoitzen erabilera teknikoan eta ziurtagiri digitalen funtzionamenduan oinarritzen dira gehienetan, baina pertsona askorentzat, arazoa tramitearen izaera bera eta erakundeen zentzua ez ulertzea ere badira.

Arazoa ezberdina izan ohi da pertsona talde ezberdinentzat. Nagusientzat, arazoa ez da hainbeste erakunde publikoen dinamikaren ulermena, zerikusi handiagoa du eraldaketa digitalarekin: lehen pertsonalki egiten zutena orain gailuen bidez eta ziurtagiri digitalekin egitearen aldaketa barneratzea zaila zaie. Gazte eta atzerritar askorentzat berriz, dugun sistema publikoan gutxiago ibiliak, sistema bera ulertzea da arazo handiena. Uste dut erronka handiena bigarren hori dela: nola erraztu dugun sistema publikoa erraz ulertzea garai bakoitzean dugun teknologiaz harago. Beharbada, ondo barneratu beharreko lehen ideia da gure gizartearen errealitatea eraiki dela gure jarduera oro ikuskatua izatearen gainean.

Irudia //Β  Cottonbro studio

Lizentzia // CC hutsa // https://www.pexels.com/es-es/foto/ligero-trafico-gente-oscuro-5473950/

hurrengoa

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude