Udako kosmogenesia
Iturria // Argia
Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2789/teknologia
Garai ezberdinetan gizakion kulturek aldaketak barneratu dituzte, kulturak inguruarekin sinbiosi batean bizi dira, jakinik inguru gisa ulertzen duguna gauza asko direla: espazio fisikoa, birtuala, gizakion artean harremanak egiteko moduak (inguruan eta munduko beste gizaki eta izakiekin)… Aldaketak norabide asko izan ditzake, eta noski, datorrena gogoko ez baduzu beste zerbait eragin dezakezu.
Zenbait aldiz pasatu zait aldaketa nire baitan sentitu dudala, batzuetan ulertu izan dut nire kosmobisioa mugatuta zela, nire inguruko kulturak berak zapaldua zenbaitetan. Eta, kosmogenesi bat susmatu dut nire baitan, mundua ulertzeko eta eragiteko modu ezberdin baten jaiotza. Aldaketa hauek ez dira oso mentalak, ez ditut kontrolatzen, egun batetik bestera susmatzen ditut.
Azkenaldian Octavia Butler fikziozko idazlearekin zaletu naiz, benetan gogoko dut bere fikzioaren barnean gizakion eguneroko beldurrak eta gatazkak zelan lantzen dituen, bidegurutzean jartzen ditu pertsonak uneoro. Lilithen Leinuaren liburuan, materia bizia edozein gauza eraikitzeko lehengai eta makina bezala darabilte estralurtarrek; gizakiei esaten diete akabatu duten mundura itzuli ahal izateko genetikoki eraldatu behar dutela. Estralurtar hauek, bizirik irauteko, unibertsoan zehar dagoen izakien materia genetikoa euren materiarekin nahasten dute. Eta nahastean gauza berri bat sortzen da, ez gure munduan dugun kulturen zapalkuntzaren ideia, beste gauza bat da. Kostatzen zait halakoak ulertzea, galtzaile bat dagoen susmoa baitut beti. Baina Octaviaren ideia narrasti baten azal aldaketatik gertuago dago; bizirautea baimentzen duen aldaketa, zer edo zer atzean utzita. Gizakion munduan, lasaitasuna eta atsedena dira horrelako esperientzia bat izatera gerturatzen gaituena. Oporrak baldin badituzue, aukera hori izan dezazuela eta, bueltan, azalberrituta, irakurriko dugu elkar.
Irudia // https://www.pexels.com/es-es/foto/arte-luces-modelo-abstracto-12488582/
Lizentzia // cc hutsa
Erantzun bat utzi