Dugun digitalizazio ereduan eragin daitekeela?

Posiblea dela manipulazioa jokabideen datuen ustiaketaren bidez gauzatuko ez duen digitalizazio eredua?

Posiblea dela automatizazioak ekarri ditzakeen onurak indartu eta kalteei arreta jarriko dion digitalizazio eredua?

Posiblea dela ulergarria eta eragingarria izango den digitalizazio eredua?

Posiblea dela taldekatzea eta bazterkeria sustatuko ez duen digitalizazio eredua?

Posiblea dela izaki bizidun ezberdinak errespetuz tratatuko dituen digitalizazio eredua?

Posiblea dela hainbeste kutsatuko ez duen digitalizazio eredua?

….

Gaur Durangoko Azokako Kabia Digitalean gure buruei astindua eman die Jaione Martinezek, Euskal Herria Digitala manifestuarekin. Lan handia egiten ari dira gai hauen inguruan hausnartzen. Gaur egun eremu digitalean alernatiben aukera ulertzea kostatzen zaigu, hain dira handiak azpiegiturak eta dugun digitalizazioaren zati handiena sustatzen duten enpresen tamaina, ezen ezer sortzeko aukera ez dugula bilatu ere egiten. Horregatik da hain interesgarria Euskal Herria Digitala manifestuaren proposamena.

Jaioneren aurkezpena azokako webgunean ikusgarri egongo da azoka bukatutakoan: https://www.durangokoazoka.eus/es/programacion/164

Hemen manifestuaren laburpena //

Azken hamarkadatan hainbat fenomeno azkartu dira: globalizazioa, prekarizazio globala, demokraziaren pribatizazioa, erregai fosilen agortzea, klima aldaketa, zaintzaren krisia… Guzti horren erdian teknologiaren garapen izugarriak jauzi kualitatibo bat eman du azken mendean. Horrek hainbat kezka piztu ditu dagoeneko mundu luze zabalean: nora garamatza digitalizazioak? Ze aldaketa ekarriko ditu demokraziara eta bere materializaziora? Lana eta hezkuntzaren esparruak aldatuko ote ditu? Digitalizazioak zer ondorio izango ditu iraunkortasunaren aldetik? Gizakiaren harremantzeko moldean aldaketa bortitz baten aurrean ote gaude? Finean, gizateria aldatuko duen garaiko jauzi baten aurrean ote gaude? Manifestu hau plazaratzen dugunok uste dugu erronka digitala XXI. mendeko erronka nagusietako bat dela. Baina ez gara teknofiloak, ezta teknofoboak ere. Teknologia elite finantzieroen alde erabili daitekeela uste dugu, baina baita jendartearen zerbitzura egon daitekeela ere. Auzia oso konplexua da, eta gutxienez, lau esparruetan eragiten du: demokraziaren esparruan, lanean, hezkuntzan eta gizakian berarengan.

Demokrazia digitala

Digitalizazioak botere politikoaren saretze, lan egiteko modu, gobernugintza eta erakunde lokal zein pribatuen nolakotasunean eragina izan du, gizartearen egitura bera aldatuz. Teknologiak merkatuan zein herritartasun kudeaketan zerbitzu efiziente eta gertukoak ekarri ditu, baina aldi berean, datuen pilaketan oinarritutako kapitalismo globala indartu dute, egitura digitalak pribatizatuz.Teknologia berriek, eta arrakala digitalak, batez ere, gizartearen eta egungo demokrazia eta herritartasun ereduetan dute inpaktua, herritar eskubidedun erabakitzaile izateko baldintza bilakatu baita. Beraz, baliabide eta zerbitzu digitalak komunak izatea ezinbestekoa da: merkatuen zerbitzura baino, jendartearen zerbitzura egongo den teknologia izanik.

Lana eta robotizazioaren gaineko hausnarketa

Azken urteetan, kapitalak mozkinak handitzeko diru publikoarekin gidatutako digitalizazioa azkartu du, monopolio teknologikoa indartuz, plataforma kapitalismoa hedatuz, lanpostuen galera eta lan baldintzen kaskartzea areagotuz, langileen gaineko kontrola zorroztuz, arrisku psikosozialak biderkatuz… Hori gutxi balitz, Industria 4.0 egitasmoak zaintza lana itzalean utzi du, merkantilizatutako eremura soilik bideratuz. Alor honetan ere, tresna eta prozesu horiek bizitza duin eta kolektiboen mesedetan jarri behar liratekeela uste dugu, robotizazioa zaintza lanen eremura ere zabalduz, automatizazioa lan orduen murrizketekin eta lanaren (ordaindu zein ez ordainduaren) banaketarekin uztartuz.

Hezkuntzaren digitalizazioa

XX. mende amaieratik sakoneko eraldaketa batean murgildurik dago hezkuntza, gaitasunetan heztea. Digitalizazioa eskoletara iristeak prozesu hau aregotu dezake eredu zaharraren pilareak kolpatzen dituen heinean, baina erantzuten dituenak baina galdera gehiago sortzen ditu, pandemiarekin hezkuntzaren esfera digitala orokortu denean: presentzialtasuna zertarako den garrantzitsua, ingurune digitalaren subjektua (eta jabea) nor izan behar den, nola bermatzen diren hezkuntzarako eskubidea eta ekitatea ez-presentzialtasun egoeran, edota ingurunearekin harremantzeko bide eta lengoaia berriak ekarri dituzten IKTek, ikasleen garapen kognitiboan eta heltze prozesuan zelako ondorioak izango dituzten. Digitalizazioak erronka zaharrei erantzuteko galdera berriak planteatzen ditu hezkuntzan ere.

Humanitate digitalak

Konputazio teknologien eta humanitateen diziplinen arteko gurutzaketa du humanitate digitalak oinarri. Modako terminoa izan arren, korporazio erraldoiek erabilia, Euskal Herritik eginda eta pentsatua izango den kontzeptuak posibilitate handiak dituela iruditzen zaigu. Auzi honek sakon interpelatzen gaitu: zer suposatzen du ezagutza, sorkuntza eta kultura baliabide eta ahalmen teknologiko berri eta aldakorretatik pentsatzeak? Zer inplikazio ditu subjektibitate prozesuetan? Zer inplikazio memoria, historia, ondarea, hizkuntza, hezkuntza eta ikerketa esparruetan? Galdera deserosoak egiten bultzatzen gaituen eremu zabal honek azpiegitura teknologiko eta energetikoaz, ikerketa eta ezagutzaren muga eta zerumuga etikoaz, sorkuntza eta sortzaileez, informazioa gorde eta interpretatzeko erabileraz, eta beste hainbat erronkez pentsatzera eramaten gaitu.

 

Gehiago jakin nahi baduzu hemen duzu webgunea: https://euskalherriadigitala.eus/

Eta hemen Durango Azokako @Kabian egin zen aurkezpenaren bideoa

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude