Adimen artifizialaren Europako legea

Iturria // Argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2757/teknologia

Hainbatek agertu dit Europako Adimen Artifizialaren Legearen inguruan kezka, eta ikertzen hasi naiz. Adimen Artifiziala tresna berri bat da gure gizartean eta beste teknologia batzuk bezala gizartean eragiteko eta gizartea eraldatzeko gaitasuna du. Adimen artifizialek berezkoa duten ezaugarri bat da aldaketak modu ikusezinean egin ditzaketela, kontrolatzeko eta ulertzeko modu zailean. Gainera, adimen artifizialek jabeak dituzte, askok ditugun azpiegitura digital gehienen jabe berak.

Hainbat eragileren arabera (EDRi, Xnet, UOC..) lege honek onurak ekarriko ditu, baina hutsuneak ditu, batez ere datuen ekonomiari loturikoak. Aipagarria da bai marketinari eta jokabideen bideraketari, bai espazio publikoaren zelatatzeari lorturiko adimen artifizialen erregularizazio falta. Jokabideen bideraketaren kasuan pertsonen egoera fisikotik, prozesu fisiologikoetatik, biologiatik… hartutako datuen bidez pertsonen emozioak inferitu eta euretan eragin ditzaketen adimen artifizialengan arreta handiagoa jarri behar luke legeak. Baita ezaugarri biometrikoen bidez espazio publikoan pertsonak jarraitu, taldekatu eta epaitzen laguntzen duten adimen artifizialengan ere.

Badago beste ideia bat azken horri lotuta, eta giza eskubideen inguruan lan egiten duten eragileak bereziki arduratzen dituena: polizia prediktiboa. Hau da, gure gorputzen fisionomia aztertuz gure izaera, nortasuna, sinesmen politikoak eta justiziari loturikoak aztertu eta profilen aurreikuspenak eginez arrisku ebaluaketak eta horrekin delituen, edo eragotzi nahi diren beste zenbait arazoren aurreikuspenak egiteko sortzen diren adimen artifizialak.

Jolas taula baten irudia datorkit burura. Jolas taularen jabeek hor egiten denaren inguruan botere osoa dute, eta legegileek ez dute taula horren jolas dinamika guztiz ulertzen, ezagutza guztia partekatzen ez den heinean. Beraz, dinamika horri aurre egiteko estrategia bikoitza izan izan behar da: alde batetik, legislatzen jarraitu, horrekin batera arazoa ulertzen ere joango garelako, eta bestetik, jolas taula berriak sortu daitezen bultzatzen jarraitu.

Irudia // Odilon Redilon // https://www.oldbookillustrations.com/illustrations/misty-outline/

Lizentzia // domeinu publikoa

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude