Deserosotasunerantz

Iturria // Argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2840/teknologia

Pasa den astean, Extremaduran, neska gazte batzuek salatu zuten adimen artifiziala erabiliz euren aurpegiekin sortutako pornografia sintetikoa sareetan partekatu zutela. Adimen artifizialak gure gizartean ditugun tresna berriak dira, iraultzaileak, eta eskura daude. Gainera, adimen artifizialek eremu digitala eraldatzeko gaitasuna dutela dirudi, eta horrekin batera gure gizarteak.

Baina prestatuta gaude gizakiok eraldaketa berri hau ulertzeko eta bizitza on baten helburura egokitzeko? Beharbada asko bai, baina denok ez. Badirudi teknologien garapena ez dagoela gure gizarteen heldutasunari egokituta. Balioetan indartsuak diren gizarteak ez ditugun heinean, bai teknologiek bai gizakiok bortizkeria eta bazterkeria errepikatzen jarraituko dugu.

Data bertsuetan, LAB sindikatuak antolaturiko “Digitalizazio Burujabea Hezkuntzan Topaketa” ikus ahal izan nuen. Hausnarketa interesgarriak partekatu ziren, tartean Iratxe Esnaolaren hauxe: “Hezkuntzan egiten ari garen digitalizazio ereduan ez da hausnarketa sakonik egin”. Hausnartzea gizakiok sorturiko egituretan, publiko zein pribatu, ez da erraza, sistemak gelditzea ekartzen du, eta horrek diru kontutan sartzen gaitu. Gainera, erabakiak hartzera bideratzen gaitu, eta erabakiak ez dira beti denontzako onuragarriak izango.

Bitartean, hausnarketa bideratzen ez badugu, nork hartzen ditu erabakiak? Zein helbururekin? Erakunde askotan, teknologiari loturiko erabakiak erosotasunagatik hartzen dira, erabaki zuhurrak, arazorik emango ez dutenak. Eta sarri, teknikariok, sistemen zaintzaileok, horretarako heziak izan gara. Baina bizi dugun mundua hain da konplexua, ezen, teknologia erosoenak gure bizitzak, gizarteak eta herriak menderatzeko teknologia ere bilakatu direla. Publizitate enpresen adimen artifiziala haur, gazte eta familietan sartu dugu, hezkuntzan txertatu ditugun sistemen bitartez. Ez da erraza izango, ezta erosoa ere, baina hezkuntzan dugun digitalizazio ereduaz sakonago hausnartu beharko genuke.

Irudia // https://pxhere.com/es/photo/811740

Lizentzia // Domeinu publikoa

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude