Datuetara murriztuak
Iturria // Argia
Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2817/teknologia
Lan produktiboa eta bizitzaren lana gauza bera direla esango nuke. Bizitza on bat izateko, ondo elikatu, gorputza zaindu, babestuta egon, harremanak mantendu… behar dituzu eta hori lan handia da. Enpresen izaera antzekoa da. Bizitzaren lana eta lan produktiboa mendekotasunez beteriko dinamikak dira. Eta bizitzaren mendekotasunak nahikoak ez balira, lan produktiboaren mendekotasunek gure indarra eta denbora xurgatzen doaz. Noraino hel zaitezke tirabira honetan? Noraino xurgatu dezakete enpresek zure indarra? Noraino utzi dezakezu alde batera bizitzaren zaintza lan produktiboaren mesederako? Enpresa askotan lehengaia gizakion lan indarra da. Lan indar hau batzuetan akzio mekaniko bat izaten da, eta bestetan balio asko sortu dezakeen jarduera, merkatu bat sortzea, adibidez. Lan indarraren espresio guztiak beharrezkoak dira enpresek bizirik irauteko.
Historikoki, iraultza industrialetik lan indarra, lan baliabidea, ordutan neurtua izan da. Egun, enpresa askorentzat helburua lanaldi bakoitzaren etekin handiena lortzea da: gure jarduera guztiak datuetara itzuli behar ditugu enpresa askotan, kontratatu egiten gaituzten denbora probetxuz erabili dela neurtu dezaten. Datuak konplexutasuna sinplifikatuko duten ustea da nagusi, datuetan aditzera emaniko jarduerak hobeto ulertu eta errepikatzeko gai izango garela.
Zoritxarrez, berdin gabiltza bizitzan, dena objetibizatzen (jan duguna aplikazio batean sartuz, eman ditugun pausoak aplikazio batekin jarraituz, hilerokoa aplikazio batekin kontrolatuz… ): lan produktiboaren datifikazioaren logikak bizitzaren lana kutsatu du. Bizitzakiko pertzepzioa galtzen gabiltza, gure bizitzen izaera datuetara murrizten gabiltzan heinean.
Irudia // This is engineering // https://www.pexels.com/es-es/foto/codigo-proyectado-sobre-la-mujer-3861969/
Lizentzia // CC0
Erantzun bat utzi