Zer galtzen dut mugikorra galtzen badut?

Iturria // Argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2797/teknologia-2

Ditugun mugikorrak, inoiz ez bezala, gure inguru eta bizimoduen irudia sortzen dute. Informazio digitala eskuratzeko sarrera osagai (sentsoreak) elektroniko ugari dituzte: Kamera, mikroa, ukipen-pantaila, azelerometroa, barometroa, giroskopioa, GPSa, hatz markaren irakurgailua, podometroa, inguruko argi sentsorea…

Gure mundua jasotzeko gaitasun honekin, mugikorrek gure bizimoduen argazki fidagarriak sortzen dituzte. Hori dela eta, mugikorra galtzearen ardura handia da pertsonengan, eta arrisku honen aurrean segurtasun informatikoaren beharra sortzen da. Kasu honetan, segurtasun informatikoa da zein estrategia sortzen ditugun informazio horrek guztiak hirugarren eskuetan buka ez dezan gailua galtzen badugu, eta guk geuk berreskuratzeko aukera izan dezagun.

Nik segurtasun kopiak egiten ditut. Baina segurtasun kopia horiek jasotzen dituen ordenagailua zuk zaindu eta mantendu behar duzu, zure gaitasun txikiekin, eta gailuek zaharkitzeko eta apurtzeko joera izanda. Hala, gordailu zerbitzua eskaintzen duten enpresa ugari sortu da munduan. Batzuk ordaindu egin behar dira eta segurtasuna eta pribatutasuna bermatzen dutela diote. Beste batzuk doakoak dira eta segurtasuna bermatzen dute gure pribatutasuna euren negozio ereduaren lehengaia bihurtuz.
Irudikatu gazte atzerritar bat, ezer ez duena, leku berri batean bere izaera berreraikitzeko bidean. Eta irudikatu migrazioa arazo globala dela, herriek kudeatu nahi dutena eta horretarako informazioa behar dutela.

Aste honetan halako 35 gazterekin lantegi bat dut. Gazte hauen mundua euren mugikorretan dago, beno, ez bakarrik, darabilten mugikorretatik konektatzen diren hodeietan ere bai. Euren pribatutasuna oso ikusgarri duten gazteak dira, oso instituzionalizatuta dauden heinean. Euren mundu digitala segurua izatea, berreskuratu ahal izatea, izatearekin edo ez izatearekin guztiz lotua dago. Sarri zuri ala beltz jartzen naiz pribatutasun kontuekin, baina kasu honetan grisen artean mugitu beharko naizela uste dut.

Irudia // https://vectorportal.com/es/vector/s%C3%ADmbolo-vectorial-de-memoria-del-dispositivo/9259

Lizentzia // CC 3.0

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude