Zentsura algoritmikoaren garapena
Iturria: Argia
Esteka: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2755/teknologia
Azaro hasieran 24/2021 errege dekretua atera zen, Europako Merkatu Digital Bakarreko egileen eskubideei lotua. Ez naiz legeetan aditua, beraz gai hau nire hizkuntzan eta ulermen gaitasunetara itzuli dut eta zenbait hausnarketa partekatu nahi ditut zuekin.
Osagai horiek eraman naute sorkuntza digitalaren inguruan pentsatzera. Eta burura datorkidana da digitalizazioaren eta bere ustiaketaren inguruan suertatzen den guztia existituko ez balitz emango ez litzatekeen sorkuntza.
Joseba Irazokiren abestia, adibidez, ez zen existituko –digitalizazioaren eta memoriaren hausnarketa egiten duen heinean–, bideo-jokoak ez lirateke existituko, ezta soinu sintetizatua ere, bideo mappinga…
Sorkuntza oso kontzeptu irekia da, eta eremu digitalari lotuta kudeaketan, marketinean, negozio ereduetan… oso sortzaile izan gaitezke baita ere.
Facebooken izen berriak, Meta, metabertsoaren ideiarekin harremana du, espazio digital areagotu baten ideia du atzetik. Eta gaur egun digitalizazioa sustatzen duten teknologiek –batez ere telekomunikazioen garapen berriek lagunduta– espazio inmertsibo hibridoak sortzeko gero eta aukera gehiago ematen dituztelako, Facebookek bere etorkizuna espazio horiek sortzen eta sustatzen ikusten du. Beraz, sorkuntza digital moduan izendatu daiteke Facebookek egiten duena.
Facebookek jarraituko du egun duen negozio eredu arrakastatsua erreproduzitzen, eta dirudienez, plataforma eredu hauek negozioa areagotzeko potentziala dute. “Metabertso” hauek, inmertsiboagoak izanik, intrusiboagoak ere izango dira eta pertsonen bizitzen inguruan gehiago ikasteko eta horrekin beraien bizitzak gehiago gidatzeko boterea emango diote Facebooki. Noraino behar dugu gure bizitzetan sartzea, bizidunon eta planetaren etorkizuna gidatzea? Sortzaileak soilik ez, sortzaile kritikoak behar ditugu eremu digitalean ere. Ez da erraza.
Irudia // Oswaldo Tofani // https://www.oldbookillustrations.com/illustrations/one-eyed-woman/
Lizentzia // Domeinu publikoa
Erantzun bat utzi