Zaintzaren digitalizazioa

Iturria // Argia

Esteka //ย  https://www.argia.eus/argia-astekaria/2769/teknologia

Mendekotasuna duten pertsonen zaintzaren digitalizazioaz pentsatzeko modu ezberdinak aurkitu izan ditut: batetik, teknologia gizadia salbatzeko gai dela esaten duen kontakizuna, eta bestetik, teknologia gizakiaren eta naturaren lanetan laguntza soil bezala ulertzen duen kontakizuna, ondorioz gaizkion arazoak konpontzea gizakion esku baino ez dagoela ulertuz.

Teknologia salbatzailearen kasuan, jada ikusten ari gara mundu bat non mendekotasuna duten pertsonen ongizate fisikoa digitalizazioaren teknologien bidez jarraitu daitekeen urrunetik. Kontakizun honetan, teknologiek zenbaitentzako onurak dakartzate: garapen teknologikoak eta horiekin lan eremu berrien garapenak, arreta presentziala egiten duten pertsonen kostuen murrizketa automatizazioaren bilakaeran, automatizazio horrek ekarriko dituen datuekin ezagutza berria eta horrekin berrikuntzak merkatu ezberdinak sortzeko…

Mendekotasun egoeran dauden pertsonetan zentratzen bagara, zein da kontakizun honetan onura handiena eurentzat? Autonomia? Baliteke, baina, zer dago autonomia ideiaren atzean? Susmoa dut pertsonen beharra murrizteko bide gisa ulertzen dela autonomia. Behar fisikoa izan baldin bada orain arte mendekotasun egoeran dauden pertsonekin harremanak bultzatzeko arrazoi nagusia, zein harreman mota izango ditugu orain eurekin? Isolatuak utziko ditugu? Bakardadean? Zerbitzua, ezagutza eta merkatua hirukoan, non geratzen da mendekotasun egoeran dagoen pertsona? Denbora guztian aztertua den eta lehengai zein merkatu izaera duen objektu bat da?

Beharbada, zaintzaren digitalizazioa hartzen ari den bidea birpentsatu beharko genuke. Pertsonok hobeto pentsatu behar dugu teknologiak lagunduta erronka honi zelan ekin ahal diogun. Martxoaren 8ko aldarrikapenak zaintzari lotu izan zaizkio neurri handi batean. Zaintzaren izaera, ordea, aldatzen ari da, merkatu berriak sortzeko aukerak ikusten direlako bere baitan. Beste behin, adi egotea dagokigu, zaintzaren digitalizazioa ikuspuntu feminista batetik garatzea nahi baldin badugu.

Irudia // A doctors call // Castelli, Horace

Lizentzia // Domeinu publikoa // https://www.oldbookillustrations.com/illustrations/doctors-call/

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude