Ukrainia eta internet

Iturria // Argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2770/teknologia

Ukrainan dauden herritarrengatik arduratuta, laguntzen saiatzen ari da jende asko. Eremu digitalari lotuta, bi laguntza ekintza interesgarri ezagutu ditut. Batetik, harritu nau Pussy Riot Errusiako punk taldeak Ukrainako herritarrei laguntzeko 6 milioi eurotan baloraturiko kriptotxanponak lortu dituen moduak. Bigarrenik, Elon Musk magnateak hain polemikoa den Start Link proiektuaren satelite batzuk Ukrainaren gainean jarri ditu, interneterako sarrera-laguntza herritarrei ematea helburu.

Pussy Rioten ekintzak erakutsi du NFTa (non fungible token delakoa) laguntza ekonomikoa bideratzeko aukera bat dela. Nik neuk, NFTak espekulatzeko baino ez nituen ikusten orain arte. Kriptotxanponak lortzeko, Pussy Riotek Ukrain DAO (Decentralized Autonomous Organization) izena duen NFTa sortu du: Ukrainako banderaren irudia, laguntza adierazten duen testu batek lagunduta. Ideia hain ona izan da, aktibismorako bide bat bilakatu daitekeela, gardentasuna eskaini eta pribatutasuna zaintzen duen BlockChain teknologia erabilita.

Elon Musken ekintza ere garrantzitsua da Ukrainako herritarrentzat, euren telekomunikazio azpiegiturak deuseztatuak izaten ari diren egun hauetan. Azpiegitura horiek erabiltzeko segurtasun gomendioak ere partekatu ditu Muskek, jakin badaki-eta sateliteen seinaleak errusiarrek jaso ditzaketela.

Internet sustatzen duten azpiegiturak behar dituzte bi ekintzek: Pussy Rioten ekintzaren atzean azpiegitura eta sare banatuen ideia dago –neurri handi batean kriptotxanponen inguruan espekulazio, botere eta azpiegitura kontzentrazio handia dagoen arren–. Elon Muskena, azpiegituren kontzentrazioak ematen duen boteretik dator. Muga guztiak gainditu ditzakeen azpiegitura baten boterea erakusten du, herrietatik harago, espazioan, eta erakunde pribatu bakar baten eskuetan. Urgentzia garaian gaude, eta dena da ongi etorria, baina zeinen interesgarria den ikustea teknologia eta azpiegitura hauek eragiteko duten ahalmena.

Irudia // War Signal //

Lizentzia // Domeinu publikoa

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude