Teknologiaren agintaritza
Iturria // Argia
Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2771/teknologia
Egiten dudan lana dela-eta, pertsona askorekin hitz egiten dut teknologiaren eta digitalizazioaren inguruan. Orain dela gutxi guraso batekin aritu nintzen teknologiaren agintaritzaren inguruan. Guraso horrek ez du batere gogoko teknologia, eta teknologiaz hitz egitea ere gorroto du. Ez du ondo ulertzen, eta ez du ulertzeko gogorik ere. Oso arduratuta dago ordea bere haurrak, institutuan hasi berria, beharrezkoak dituen gailuak izan ditzan, tartean mugikorra, haurra isolatuta geratu ez dadin. Baina amorrarazi egiten du teknologiaz ikasi beharrak, bere haurra laguntzeko bada ere. Horregatik, oso eskertuta dago haurraren mugikorrarekin eta sistemarekin, lana egiten diotelako, ez duelako erabaki askorik hartu beharrik, ezta bere haurrarekin eztabaidatu beharrik ere, “mugikorrak” erabakitzen baitu.
Android sistema eragilea duen mugikorra erosi dio, eta erabili ahal izateko Android sistemak eskatu dizkion gauza guztiak egin ditu: haurrarentzat e-mail bat sortu eta haurra adin txikikoa dela adierazi duenez, gurasoaren e-maila eta telefonoa ere eman dizkio sistemari. Horrekin, mugikorra funtzionatzen hasi da. Eta ez funtzionatzen soilik, telefonoak erabakitzen du haurrak zer ezin duen ikusi eta noiz piztu eta noiz itzali behar den, guztia haurraren onurarako.
Gurasoari esan nion deigarria egiten zitzaidala teknologia hainbeste gorrotatzen duen pertsona batek bere haurrarekiko duen agintaritza galtzen uztea teknologiaren mesedetan. Ez da erraza eraldaketa digital hau gure bizitzetan izaten ari den eragina bere osotasunean kudeatzea, nahikoa bagenuen jada kudeatzeko… baina ez ditzagun galdu gauza txiki horiek: noiz piztu mugikorra, noiz itzali, zer ikusi eta zer ez gure seme-alabekin adostu beharko genuke, agintaritza hori teknologia baten eskuetan utzi beharrean. Irizpideak gurea izan beharko luke, zeren irizpide onena ez bada ere, ikasteko bide bat da. Gure artean eztabaidak txikitzeko aitzakiarekin teknologiari gure bizitzen agintaritza emateak mesede baino kalte egiten digula uste dut.
Irudia // Gargantua // Œuvres de François Rabelais // Doré, Gustave // https://www.oldbookillustrations.com/illustrations/frontispiece-rabelais/
Lizentzia // Domeinu publikoa
Erantzun bat utzi