Troiano berriak

Iturria: Argia

Esteka: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2747/teknologia

2021eko abuztuaren 5ean Apple enpresak pedofiliaren praktika eragozteko berak sorturiko gailuetan argazkiak eta mezuak arakatzeko softwarea instalatu behar zuela iragarri zuen. Enpresa teknologiko erraldoiek euren hodeietan praktika hau egin izan dute, baina, gure gailuetan hau egitea aldaketa nabaria da.

Apple-ek dionez pedofiliari aurre egiteko egin du garapena, motibazio miresgarria, eta horren kontra egingo duenik ez da. Eragile askok ordea mesfidantzaz hartu dute berria. 2021eko abuztuaren 19an, Estatu Batuetako Demokrazia eta Teknologia Zentroak koordinatuta gutun bat idatzi zioten nazioarteko gizarte zibileko 91 erakundek Apple-eko buru Tim Cook-i. Adierazi zioten, besteak beste, behin software hori instalatuta hiritarrak zelatatzeko atea irekitzen zuela Apple-ek, eta haurrentzat eta LGBTI kolektiboarentzat arrisku berriak sortzen zituela horrek.

Halako garapenei Troiako zaldiaren antza hartzen diet nik: gauza on gisa aurkezten dira, baina gauza txar asko lantzeko bidea bihur daitezke. Eremu digitalean negozioa sustatzen dutenek ere pedofiliaren itzala sareetan ezabatu nahi dute, baina euren motibazioa ez da haurren ongizatea, haurren merkatu digitala zabaltzea baizik, eta horretarako gurasoek eremu digitala eremu seguru bezala hauteman behar dute.

Troiano berri hauei atea zabaltzea konfiantza kontu bat da.ย  Eta konfiantza definitu daiteke pertsona batek beste baten ekintzen aurrean ahul agertzeko duen borondatearen arabera. Laurin Weissingerrek, Tuffs Unibertsitateko Zibersegurtasun ikertzaileak hausnarketa interesgarria egin du horren inguruan The Conversation webgunean: konfiantza izan dezakegu teknologia korporazio handietan? Galdera beste modu batean ere egin dezakegu: gure ahultasunak agerian uzten dituzten datuak noren eskuetan jarri nahi ditugu?

Irudia // Yan Dargent // https://www.oldbookillustrations.com/illustrations/horse-elephant/

Lizentzia // Domeinu publikoa

 

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude