Teknologia ulertzea

Iturria // Argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2777/teknologia

Askotan teknologia produktu bezala ulertzen dugu, baina teknologia errezeta ideiatik gertuago dago. Gure eskuetan azken belaunaldiko mugikor bat izanda, azken teknologia gure eskuetan dugula uste dugu. Ez da horrela. Teknologia ez da objektu bat, ezagutza da, gizakion munduan eragitera bideraturiko ezagutza.

Teknologia geureganatzeko, ezagutza geureganatzeko –edo gutxienez gauzak hobeto ulertzeko–, esperientzia da nire ustez biderik onena. Esperientzia horrek, gainera, zentzua izan behar du, ulermena eta ezagutza loratu daitezen. Noizbait jostailu elektroniko bat desmuntatu duzue? Barruan zituen bozgorailua, kableak, teklak, motorrak ikusi dituzue? Esperientzia hori izan baduzue, berriro jostailu elektroniko bat ikusi duzuenean, ziurrenik, desmuntatu barik zelan funtzionatzen duen errazago susmatu izan duzue. Programazio kodeekin antzeko zerbait gertatzen da, hizkuntzekin ere, gizakion arteko harremanekin berdin… Esperientziak laguntzen digu etorriko dena hobeto aurreikusten.

Software libreari lotuta lan asko egin da zentzu horretan. Beharbada, software librea produktu edo objektutik baino gertuago dagoelako errezetatik, esperientziatik. Tresna ideiatik gertuago. Topaketak, jaialdiak, trukeak… Software librea zabaltzen da pertsonen arteko ezagutza truketik. Eta praktika oso hezigarria da. Baina zelan sortu horrelako esperientzia bat zure komunitate gertuan (herri, ikastetxe, auzoan)? Egun erabiltzen ditugun gailuak horrelako esperientzia baterako prestatuta daude? Noraino eragin dezakegu? Non eta norekin egin dezakegu horrelako esperientzia bat?

Informazio ugari dago, eta beldur barik hasi gaitezke horrelako esperientzia bat sustatzen. Espektatibak zaintzea eta denon artean ikasteko eta hezteko aukerak zabaltzea da kontuan hartu beharrekoa, esperientziaz gozatzeko. Topaketa txikiak interesgarriak dira (eskolan, liburutegian, kultur zentroan…). Prozesua ezberdina izango da kasuan kasu, baina teknologiaz eta pertsonez asko ikasiko dugu bidean.

 

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude