Ubunturantz

Iturria // Argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2791/teknologia-2

Hitz honek askorentzat teknologiarekin du harremana, beste askorentzat gizarte eredu baketsu baten ideiarekin. Ubuntu, Desmond Tutu-k Sudafrikako Apartheidari aurre egiteko sortu zuen moduari lotuta dagoen hitza da.

Pertsonen arteko harremana bitartekatzeko hitza da Ubuntu. Zentzu  berean darabilgun teknologia ere sortzen da pertsonen arteko harremanak bitartekatzeko. Gauza da, zein helburuetarako…

Desmond Tuturen hitzetan, Ubuntua duen pertsona bat irekia da eta besteentzat eskuragarri dago, besteei babesa ematen die, ez da mehatxatuta sentitzen beste pertsona batzuk gai direnean eta zerbaitetan onak direnean; bere buruaz ziur dagoelako badaki osotasun handi baten parte dela. Osotasun hori kaltetzen da pertsonak batzuek beste batzuk umiliatzen, gutxiesten, torturatzen edo zapaltzen dituztenean.

Software libreak badu mezu bat bere baitan, lan askoren pilaketa onura mundura ekartzeko; software libreak Ubuntua duela esango nuke.  Sofware libreak, amama-aititek afari on bat prestatzen dutenean bezala, ezagutzaz beteriko teknika multzoa da, bizitza hobetzeko eta gozagarriagoa egiteko pentsatua, bestearenganako adeitasuna eta zaintza barne hartzen dituen asmoa. Eta osotasun horretan ekarpenak egiten ditu.

Sistema oso batean bizi garela ulertzea, nik besteari egiten diodan kaltea sistema osoari egiten diodan kaltea dela ulertzea, eta hori eragozteko pixkanaka-pixkanaka norbera, ahal duen heinean,  bere jokabideetan zuzenketak barneratzen joatea, hori da gure bizimoduak Ubunturantz bideratzeko errezeta. “Itakara bidaia” olerkian bezala, beharbada ez gara inoiz helduko Ubuntura, baina bizi helburu gisa izatea bada eskuragarria, nolabait norberaren bizitzan pausoak gidatzeko iparorratza izan daiteke Ubuntura heltzeko ideia.

Irudia // Wikimedia commons // https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Archbishop_Desmond_Tutu_on_his_80th_birthday_(10666683636).jpg

Lizentzia // CC 2.0

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude