Ikuspuntuak aldatzen direnean
Iturria // Argia
Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2792/teknologia
Lantegi batean hartuko dut parte eta irakasleak mesede bat eskatu dit. Mesedea azaldu aurretik, esan behar dizuet irakasle honi eskatu niola gizarte hezitzaile talde bati azaltzeko zer den software librea. Erronka interesgarria da, zeren talde honek giza arazoen gainean sentikortasun eta konpromiso handia badu ere, teknologian eragitea ez du oraindik barneratu gizartean eragiteko beharrezko egitekoen artean.
Benetan liluratu nau irakasleak eskatu didana: software librearen aldeko mugimendua sortu zuen Richard Stallmanen bizipenak antzerki txiki baten bidez landu nahi ditu. Kontatu beharrean, Stallmanek egoera hori zelan bizi izan zuen eta bizipen horiek ikuspuntua zelan aldatu zioten irudikatu nahi du, hobeto ulertzeko.
Istorio honetan, gizakion istorio askotan bezala, gauzen izaeraren zergatia zalantzan jartzeko bizipenak funtsezko dira. Esango nuke, aldaketak prozesu intelektualak baino gehiago bizipenak bultzatutako gertaerak direla. Gero, denari zentzua emateko modua bilatuko dugu gizakiok, puntuak lotu eta istorioa osatzeko.
Eta gogoz geratu ez zaitezten, Stallmenen bizipena kontatuko dizuet, software librea zabaltzeko mugimendua sortzera eroan zuen bizipena. Lan egiten zuen ikerketa zentroan, enpresa batek laser inprimagailu bat oparitu zien, teknologia berria zen eta arazoak ematen zizkien. Stallman ohituta zegoenez makinak programatzera, sistemak sortzen eta hobetzen bazekienez, inprimagailua hobetu nahi izan zuen, baina ez zuen makinaren kodea. Beste unibertsitate bateko ikertzaile batek kodea bazuela jakin eta harengana jo zuen. Hark, ordea, ezetz esan zion, kodea ez zabaltzeko akordioa zuelako makina sortu zuen enpresarekin. Stallman jabetu zen munduan zenbatek ezin zuen gizarte hobe baterako teknologia hobetu, horrelako akordioengatik. Eta teknologian eragiteko zuen ikuspuntua aldatu zen. Teknologian eragiteko modu ezberdin bat ulertzen hasi zen, teknologia bera ulertzeko moduarekin lotua. Interesgarria benetan irakasle honek, Margarita Padillak, proposatu digun saioa.
Irudia // Indiference forms // Ian pernanbuco // https://openprocessing.org/sketch/1600089
Lizentzia // CC 3.0
Erantzun bat utzi