Subiranotasun teknologikoa eta emakumeak zientzian
Garai arraroak bizi ditugu eta inoiz baino informatuago gaude. Badakigu zein den Ukrainan ematen ari den gerraren eragina hornikuntza energetikoan. Eta horrek munduan duen eragina. Baita Taiwaneko txipak direla-eta Txina eta AEBen artean duten gatazka ere, munduko eraldaketa digitalaren norabidearen boterea eskuratzeko. Azpiegitura errizoma konplexu bat sortzen dabiltza, bakoitza bere aldetik, bazterrean geratzen denari arreta handirik jarri gabe.
Europak bere indarra mantendu nahi du erraldoi hauen erdian, eta badirudi subiranotasun teknologikoaren bidea hartu duela. Berau sustatzeko ekintza batek txipak fabrikatzeko neurriekin du lotura, txipak gizakiak eta gizarteak bideratzeko baliabide bilakatu diren heinean.
Errealitate honetan, ARM txipen inguruan berba ugari irakurtzen eta entzuten ari gara, zelan hardware garatzaile askok teknologia horrekin euren txip propioak diseinatzeko bidean dauden. Badirudi txip hauek abantaila asko dituztela, baina software librearekin gertatu zen bezala, eraldaketa horretan hardware libreak zeresan handia duela susmatzen dut. Azken batean, ezagutza partekatzen denean pertsona gehiagok sortu dezaketelako, ezagutza horretatik abiatuta.
ARM txipen atzean jende asko dago (inork ez du ezer bakarrik sortzen), baina txip horren arkitekturaren bihotza sortu zuena Shophie Mari Wilson da, RISK arkitekturan oinarrituta (Reduced Instruction Set Computer=Agindu Talde Gutxiko Ordenagailua). Hau da, Sohphiek, agindu gutxirekin, sinpleagoa den txip eraginkor bat sortu zuen. 2012. urtean mugikorren %95ean ezarri zen txipa.
Egun, subiranotasun teknologikoaren bidean, ARM ereduan inspiratuta sortu diren V-RISK hardware libreko txipak eragile garrantzitsuak izan daitezkeela dirudi. Subiranotasuna eta ezagutza irekia dira adibidea, ulertzeko herrien arteko harremanak zapalkuntzan baino elkarlanean sustatu daitezkeela.
Erantzun bat utzi