Streamingaren garaiak: Twitchen inguruko gogoeta

twitch danborileroa

Kalera irten eta edonori Amazon zer den galdetuko bagenio, ziurrenik online denda bat dela esango liguke. Baina hori bakarrik al da? Ba erantzuna ezetz da, Amazon hori baino askoz gehiago baita. Negozioaren atal bat baino ez da online salmenten plataforma, hau erraldoia izanik ere. Nolanahi ere, Amazonek bestelako negozio lerroak ere baditu, esate baterako, zerbitzarien alokairua (Interneten % 35 inguru honen zerbitzariek osatzen dutela kalkulatzen da) edo artikulu honetan landuko dugun Twitch plataforma.

Twitch bideo streaming plataforma multinazionalarena dela ez da sekretua, Amazonen logoa hartan aurkituko ez badugu ere. Azken hori agerian geratu zen online dendako bezeroei abantailak eskaintzen hasi ziren unean. Horren ezaguna ez dena da Twitch ez dela Amazonek sortutako produktu bat eta 970 milio dolarren truke erosi zuela 2014. urtean. Gainera, esaten denez, Googlek erosi nahi zuen, baina azken momentuan Jeff Bezosen konpainiak aurrea hartu zion.

Historia pixka bat

Zergatik ote horrenbesteko interesa Twitch erosteko? Atzera egin behar dugu interes hori nondik datorren ulertzeko.

2007. urtean Californiako enpresa gazte batek Justin.tv izeneko webgunea jarri zuen martxan. Sortzaileetako batek 24 orduz soinean zeraman kameraren streaminga ikusi zitekeen bertan, eta txat bidez berarekin hitz egiteko aukera ematen zuen. Garai hartan oso kontzeptu berritzailea zen eta arrakasta handia izan zuen. Pixkanaka sortzaile gehiago batu ziren plataformara eta horien artean bideo-jokoetan aritzen zirenek izan zuten arrakastarik handiena. Horrela, 2011n plataforma zatitu eta horientzat espezifikoa zen Twitch.tv sortu zuten.

2011.urtean 35 milioi ikusle zituen hilero eta 2013.erako 43 milioira igo zen. Gainera, batezbesteko bisualizazio-denbora ikusleko ordu eta erdikoa zen egunero. Tartean, zenbait fondok inbertsio handiak egiten zituzten. 2014. urtean, AEBetan Interneteko trafiko gehien sortzen zuen laugarren web ataria izatera iritsi zen. Hori horrela izanik, multinazional handiek plataforma erosteko asmoa azaldu zuten eta lehen esan dugun bezala, Amazonek eskuratu zuen 970 milioi dolarren truke.

Gaur egun, otsaileko datuei erreparatzen badiegu, 3 milioi streamer, 14 milioi bisitari egunero, eta 1.4 milioi erabiltzaile izaten ditu plataformak aldi berean. Zalantzarik gabe arrakasta handia du zerbitzuak, baina zein da negozio eredua? Nola lortzen dute errentagarria izatea?

Negozio eredua

Enpresa estatubatuarrak, jakina, ez du bere irabazien xehetasunik ematen, baina esan dezakegu gutxienez bi diru-iturri nagusi dituela: harpidetzak eta iragarkiak.

Harpidetzari dagokionez, Twitchek bi mota eskaintzen ditu: alde batetik, Prime harpidetza (hilean 4 euro ordaintzen da) Amazoneko gainerako zerbitzuekin lotuta dagoena, eta bestetik, Twitch Turbo izenekoa (hilean, 9 euro). Lehenengoak Twitchen abantaila bisualak eskaintzen ditu, eta bigarrenak, horretaz gain, iragarkiak kentzea eta bideoak 14 egunetan gorde beharrean 60 egunez gordetzeko aukera. Enpresak ez du harpidedun kopuruaren daturik eman.

Erabiltzaileek sortzaile espezifikoetara ere harpidetzeko aukera dute, hilean 5 eta 25 euro artean ordainduta. Diru-sarrera hori, oro har, erdi eta erdi banatzen da sortzailearen eta plataformaren artean. Horretaz gain, streamingetan ikusleek cheerak (diruz ordaindutako ‘animoak’) bidaltzeko aukera daukate, hor ere plataforma kopuru osoaren % 50rekin gutxi gorabehera geratzen delarik.

Harpidetzak alde batera utzita, badirudi diru-sarrerarik handiena iragarkien bidez lortzen dela. Azken finean, ‘doakoa bada, zu zara produktua’ esaldi ezagunak dioen bezala, multinazional handiek ez dute ezer oparitzen. Twitchen iragartzaileentzako orrialdean sartzen bagara, besteak beste, ondorengoak irakurri ditzakegu: «Influencerren marketinean oinarritutako behin betiko plataforma», «%70k diru ekarpenak egiten dituzte», «%64k beraiek gomendatutako produktuak erosten dituzte». Nahiko argi uzten dute zer (edo hobeto esanda ‘nor’) den produktua, ezta?

Plataformaren defendatzaileek esaten dute, beste batzuek ez bezala (YouTube kasu), Twitchek ez duela edukia gomendatzeko algoritmorik erabiltzen. Hau da, bakoitzak nahi duena ikusten duela, enpresak horretan eraginik izan gabe. Eta hori beharbada egia da edukiei dagokienez, baina ez iragarkien kasuan. Twichen algoritmoek oso ondo neurtzen dute audientzia, ondoren marketin kanpainak ahalik eta eraginkorrenak izatea lortzeko. Horrek esan nahi du etengabe egin eta ikusten dugunari buruzko datuak biltzen dituztela iragarki horiek saltzeko.

Hizkuntza gutxituak

Plataforma honen beste akats larri bat da ez dituela hizkuntza gutxituak kontuan hartzen. Azken finean, mundu mailako plataforma batez ari gara, eta logikoena litzateke munduko hizkuntza guztiekiko errespetua adieraztea, txikiak nahiz handiak izan. Gauzak horrela, Twich ez dugu euskaraz aurkituko. Euskaratzea errentagarria ez denez, ez du ez euskara, ez munduko gainerako hizkuntzak behar bezala babesteko sentsibilitaterik.

Egia da plataforma bera hizkuntza gutxitan eskaintzen badu ere, bideoen iragazkietan hizkuntza gehiago aurkituko ditugula. Alabaina, zerrenda horretara gehitzeko nahiko estrategia maltzurra jarraitzen du. Zuzenean edozein hizkuntza aukeratzeko funtzionalitatea garatu beharrean (teknikoki ez duena zertan oso zaila izan), hizkuntza bakoitzari banan-banan bozka bilketa bat egiteko eskatzen dio. Horrela, han eta hemen doako marketin kanpainak lortzen ditu, beren hizkuntza plataforman ikusi nahi dutenei esker.

Alternatibak

Twitch perfektua ez den heinean, zein dira alternatibak? Sillicon Valleyko gainerako enpresen bideo plataforma guztiek arazo berdinak edo antzekoak dituzte, eta beraz, ezin ditugu alternatibatzat jo. Benetan erabiltzaileon interesak defendatuko dituen plataformak software librekoa eta deszentralizatua izan behar duela defendatzen dugu batzuek. Dena den, gaur gaurkoz ez daukagu horrelako aukera askorik, eta zintzoak izan nahi badugu, esan behar dugu daudenak heldugabe daudela oraindik.

Baina horrek ez du esan nahi etsi behar dugunik. Peertuberen garapenak esate baterako indar handia hartu du azken urtean, eta badirudi laster Twitchen eta bestelakoen alternatiba erreala bihurtuko dela. Streaminga orain dela gutxi garatu dute, baina oraindik denbora errealeko txat sistema falta zaie. Proiektua gertutik jarraitu beharko dugu.

 

Egilea // Bingen Galartza Iparragirre (Game Erauntsia)

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude