Spotify eta adierazpen askatasuna

Iturria: Argia

Esteka: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2766/teknologia

Zentsura eta komisariotza hitzak gai hau ulertzeko beharrezkoak dira. Zentsurak zigorrak dakartza: kartzela, bizitza galtzea, hitz egiten ez uztea… Komisariotzak aukeraketa dakar. Spotifyk 100 milioi dolar ordaindu zikion Jon Rogani 2020an, haren podcasta esklusiban bere plataforman eskaintzeagatik; bilatzen dituen edukien inguruan aukeraketa nabarmena egin zuen, nahiz eta hainbat adituren arabera Roganek ematen duen informazioa askotan ez dagoen zorroztasunez landua eta desinformazioa den. Informazio okerrek eremu digitalean arinago zabaltzeko aurkitu duten aukerei esker, azken urteetan egoera arriskutsuak ekarri dituzte: adibidez, COVID-19a lixibarekin sendatu zitekeela zabaldu zuen Donald Trumpek, eta zenbait pertsona horrekin kutsatu ziren.

Betiko hedabideak komisariotza lan batekin lotu izan ditugu, eta norberak gogokoago izan duen lerro editoriala jarraitu izan du. Plataformak, ordea, jaberik ez balute bezala ulertzen ditugu, baina ez da horrela, ez dira neutralak. Horregatik egin zaigu hain deigarria joan den asteko Neil Young-en jokabidea, agerian utzi baitu Spotify plataformaren neutraltasun eza, baita berak negozioak norekin egin nahi dituen duen eskubidea ere. Neil Young abeslariak Spotify utzi du, Joe Roganen edukia duen plataforma batean bere musika izatea ez duelako baliokide ikusten. Youngen jokabidearekin bat egin du beste hainbat sortzailek, eta plataformaren erabiltzaileen erreakzioak ere ugaritzen ari dira.

Gertaera honekin zerbait berria ikasiko dugun susmoa dut, baina adi egon gaitezen, berdin funtzionatzen duten beste plataforma batzuk eskuak igurzten ari baitira bitartean, erabiltzaile eta sortzaileei ateak parez pare irekitzen.

Irudia: Meeting of the gun club // Henri de Montaut

Lizentzia: Domeinu publikoa // https://www.oldbookillustrations.com/illustrations/gun-club-meeting/

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude