Plataformetan lanean

Iturria // Argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2843/teknologia-2

Helburu komun bat lortzeko bidean lantalde banatu informaletan lan egiteak badu bere logika, bakoitzak bere zatia eginez osotasun bat goaz eraikitzen, autonomia izan dezakezu gauza askotarako, baina baita zure lana aurrera eroateko erantzukizuna ere. Horrelako lanetan konfiantzazko giroa behar duzu eraiki, harremanak zaindu.

Egun, plataformek, soldatapeko lan banatua baimentzen badute ere, iraultza industrialean ezarri ziren eta gaur egun dirauten logika berdinak dituzte: irabazi/produkzio/denbora/kostu aldagaien arteko optimizazioa. Baina plataformak, ohiko enpresa eta erakundeak ez bezala, berezkoak diren eta langileen boterea murrizten duten dinamikak sortzen ari dira, langileen arteko harremanak suntsitzen. Fenomeno honi lanaren uberizazioa deitu diote.

“Produktibitatea ez den beste irizpiderik gabe, lana antolatzen du algoritmoak, eta enpresarekin duzun harreman bakarra da posta elektronikoa, aginduak jasotzeko baino ez, nagusiek inoiz erantzuten ez duten posta elektronikoa. ‘Lankideak’ dira app bidez jasotzen diren eskaerengatik lehiatzen diren izenak baino ez. Lanaldia noiz hasten eta noiz amaitzen den ez dakizu. Hiria zure lantokia da, inork ez du kontuan hartzen puntu batetik bestera joateko behar duzun denbora…” (La laboratoria)

Lanaren uberizazioa banaketaren sektorearekin lotu izan dugu, baina eremu askotara zabaltzen ari da: zaintza, ostalaritza, garbiketa, aisialdia… Uste duguna baino gertuago dugu. Gure lan egiteko moduetan eta mundua ulertzeko moduetan eragin handia izan dezake.

Aste honetan, CC 4.0 lizentziapean Nuria Sotok idatzi duen Ryders on the Storm saiakera irakurriko dut. Bertan, plataforma digitalek lana antolatu eta optimizatzeko sortu dituzten dinamikak azaltzen ditu eta horien baitan dauden, edo egongo diren, langileak boteretzeko erronken inguruan hausnartzen du.

Irudia // Ryders on the storm portada

Lizentzia // CC 4.0

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude