Kolonialismo digitala
Iturria // Argia
Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2845/teknologia-2
Internet eztabaidan dagoen lurraldea da. Eztabaida horiek gure demokrazien etorkizunari eragiten diote, baita klimarako eta gizarte eta ingurumen-justiziarako hartuko ditugun bideei ere. Borroka hauetan, gure lana egin dezagun, beharrezkoa dugu interneten dinamika ezagutzea. Lurralde bat hobeto ezagutzeko, mapa batek beti laguntzen du.” Hala zioten Coding Righs erakundeko lagunek, 2022an, Internet Lurraldeetako Mapan.
Interneteko lurraldeek mundu osoan eragiten dutela ulertzeak, eta munduko tokiek nahita edo nahi barik paper bat dutela ikusteak, beste garai batzuetako praktikak gogoratzen ditu, hala nola Europako zenbait herrik esklabotzarekin sortu zuten dinamika ekonomiko globala: beste herri batzuetako baliabideak esplotatuz eta kultura deuseztatuz aberastu ziren. Kolonialismo digitalak konplexutasun handiagoa du, baina antzeko emaitza: gutxi batzuk gero eta gehiago aberasten dira, gainerakoek dituzten aukerak suntsituta.
Gai asko dago kolonialismo digitalari lotuta, baina gaur arreta gailuetan jarriko dut. Adibidez, etxea mundu osoko osagaiez sorturiko gailuez beterik dut, ziurrenik gehienak Txinan fabrikatuak, eta euren bizitzaren azken txanpa beharbada Afrikan egingo dute. Zorionez, bada munduan ekimen asko gai hauen inguruan lanean, interesgarrienak dira berrerabilera eta diseinu justua sustatzen dituztenak, Euskal Herrian bertan adibidez Reciclanet eta Elkartenet. Kontsumoa txikitzean jartzen dute arreta, gailuen bizitzak software librearen bidez luzatuz. Amsterdamen, FairPhone telefonoa sortu dute, euren gailuen osagaiak lortzeko bideak zaintzen dituzte eta gailuek bizitza luze bat izateko diseinatzen dituzte. Inguruan eragina duten ekimenak dira, ez hainbeste mundu mailan. Interneteko lurraldeek munduan bere osotasunean eragiten dutela ulertzen dugunean, eskertzen dira mundu mailan eragina izan dezaketen erakunde publikoek hartzen dituzten erabaki adimendunak, hala nola Europar Batasuna sustatzen ari den “Konpontzeko Eskubidea”.
Irudia // Cartografías de internet // https://www.cartografiasdainternet.org/
Lizentzia // CC 3.0
Erantzun bat utzi