Kuantifikazio baztertzailea
Iturria // argia
Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2825/teknologia
Aurrera egitea hobekuntzarekin lotzen dugu. Hobetu, gauza asko hobetu ditzakegu: gure zoriontasuna, osasuna, boterea, ezagutza…. Hobekuntza guztiak ezin dira erraz objektibatu, ezta behin objektibatuta neurketak lortu, eta noski, neurtu ezin dena ezin da alderatu, alderatu ezin dena nola balioetsi hobekuntza bezala? Beraz, dugun mundua hobetzeari dagokionez, objektibatu daitezkeen aldagaiei begira baino ez gara garatzen ari, beste guztia alde batera utzita, txikituz, baztertuz. Bide horretan bi aldagaik arrakasta handia izan dute, hobekuntza objektibatze aldera: kostu ekonomikoa eta etekin ekonomikoa. Susmoa dut dugun munduak bi aldagai horien inguruan hartu duela forma, beharbada bizi dudan errealitate mugatuagatik.
Kostu ekonomikoa eta etekin ekonomikoa objektibatzeak matematika izan du bidelagun eta kontuak errazteko teknologia ugari sortu dugu historian zehar: zenbakiak, abakoa, diruaren ideia, papera eta kontu liburuak, kontabilitate sistemak, Excel orriak, CRMak, ERPak, adimen artifizialak…
Kostu eta etekin ekonomikoaren kuantifikazioaren dinamika zorrotza da, eta emaitzak argi diote nork eta zerk balio duen “hobetzeko” eta nork eta zerk ez. Dena eredu horretara eraman behar dugu: herrien borrokak, animalien babesa, haurren hezkuntza… Kostu eta etekin ekonomikoaren kuantifikazioan hobekuntzarik ez badago, badirudi ezer ez dela hobetzen.
Kuantifikazioa gauza askotarako baliagarria izan bada ere, garbi izan behar dugu alde ilun bat duela eta dugun munduan bazterkeria sustatzeko tresna izan dela.
Hain da okerra eredu hau, egun dugun mundu kuantifikatuan bazterkeria ere kuantifikatu dugula, eta noski, bazterkeria egoerak txikitu egin nahi ditugu. Baina zer ulertzen dugu bazterkeria egoeran dauden pertsonen bizitzen hobekuntza gisa? Mundu kuantifikatu honen logikara egokitzea? Horrela baino ez dugu irudikatzen bazterkeriaren gutxitzea? Bidean, zer edo zer galtzen ari garela uste dut.
Irudia // Old book images + Canva AA // https://www.oldbookillustrations.com/illustrations/death/
Lizentiza // domeinu publikoa
Erantzun bat utzi