Korapilo kosmikoa

Iturria // Argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2785/teknologia

Kosmos dokumentala ikusten hasi naiz, berriro. Espinoza Erdi Aroko filosofoaz hitz egiten dute, erlijioaz zuen ideiaz, kosmosaren ideiatik oso gertu: armoniaz beteriko sistema bat, natuaren harreman guztiak jasotzen dituena. Kosmosa ulertzea zen Espinozarentzat xedea, ulermenak askatasuna dakarrela iritzita. Eta askatasunerako bidea kosmosa ulertzean bilatu dezakegu.

Ulertzearen bidea ez da erraza, eta askotan gizakiok gauzak zailtzeko joera dugu, gure interesen onurarako. Ez ditugu ezagutzak partekatzen, ezagutzak babesten ditugu, modu konplexuan espresatzen gara… eta jokabide horiekin kosmosa gero eta korapilatsuagoa bilakatzen dugu. Korapilo horiek ulertzeko helburuz, gero ikasketa berriak sortzen ditugu.

Digitalizazioaren teknologiek badute kosmosa ulergarriagoa egiteko zenbait potentzial, baina baita berau gehiago korapilatzeko arrisku handiak ere. Zentzu horretan, gizakiok sortzen gabiltzan “korapilo kosmiko” horietako batzuk askatzeko ikasketa eremu anitz dago eta horietako bat “antropologia digitala” da. Wikipediaren arabera, antropologia gizateriaren ikasketa da. Gizakion jokabideez, biologiaz, kulturez, hizkuntzez arduratzen da. Gaur eta iraganean. Antropologia digitala gizakion eta teknologia digitalaren arteko harremana aztertzea litzateke, eta antropologia eta teknologia gurutzatzen diren hainbat eremutara zabaltzen da.

Jokabideak bideratu ditzaketen teknologia digitalek, gorputzak konkistatzen dabiltzan teknologia digitalek, kulturaren ideia eragiten ari direnek, hizkuntzaren ideia aldatzen ari direnek… gure kosmos garaikidea hobeto ulertzeko baino, berau eraldatzeko eta korapilatzeko joera dutela uste dut. Beraz, gustura hartzen ditut bizi ditugun garaiak ulertzeko ikasketak, antropologia digitala kasu. Ongi etorriak korapiloak desegitera eta modu ordenatuagoan eta ulergarriagoan ezagutza sortzera eta partekatzera datozenak.

 

Irudia // Dissolve Noise Texture // https://commons.wikimedia.org/wiki/File:512x512_Dissolve_Noise_Texture.png

Lizentzia // Domeinu publikoa

 

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude