Ez- fikziozko istorio bat
Dolors Reig gazteriaren eta teknologia berrien alorrean adituak honakoa dio: «Teknologiek superbotere ugari ematen dizkigute, eta horiek ondo erabilita, gure gazteak superheroi bihurtzera eraman gaitzakete; gaizki erabilia, ordea, gazteak superbilau bihur ditzakegu».Nola interpretatzen dituzue hitzok? Ados al zaudete?
Dudarik gabe, hausnarketa horrek hainbat galdera eragiten ditu. Nik, ordea, superbilauaren figurari, eta batez ere, superbilauaren sorrerari eman nahiko nioke arreta. Komikien edo superheroien filmen mundura jotzen badugu, ikusiko duzue superbilauak ez direla bakarrik eraikitzen, ez dutela botererik lortzen besteen laguntzarik gabe. Oro har, superbilaua bere planak gauzatzen laguntzen dion jendez inguratuta agertzen da. Nagusiaren aginduak zehatz-mehatz betetzen dituzten konplize otzanak dira horiek. Superbilauek botere handia izan dezakete, baina helburuak betetzen laguntzen dien, indarrez hornitzen dituen eta agindutako ekintzen ondorioak zalantzan jartzen ez dituen jenderik gabe, ziurrenik ez lituzkete beren helburuak lortuk
Are gehiago, zalantzazko edo ustekabeko enpatia une batean, laguntzaileak jabetuko balira superbilauen ekintzek biktimei zer kalte eragiten dieten, beharbada gertakariek ezusteko norabideren bat hartzean, erreakzionatu eta hari aurre egin diezaiokete, eta hala, biktimak babestu eta lagundu. Hori gertatuko balitz, ziurrenik une horretan bertan utziko lioke bilauak existitzeari. Posible al litzateke hori? Sinesgarria al litzateke?
Superheroien istorio bateko pertsonaien rolak hartzea proposatzen dizuet, bakoitzak nahi duena… seguru ez dela lehen aldia. Ziurrenik, superheroiaren rola hartu nahiko duzue, baina nor ez da noizbait sartu superbilauaren larruan, nork ez du superbilaua aukeratu istorio bat irakurtzean, film bat ikustean edo bideo-jokotan… Inoiz ez baduzue hori egin, begira iezaiozue superbilauaren barrenari, eta kostatu arren, saia zaitezte harekin enpatia izaten; azken buruan, hau jolasa besterik ez da eta zuen ekintzen ondorioak zuen irudimena iristen den tokira bakarrik iritsiko dira. Baliteke, haren jarraitzaileak bezalaxe, zuek ere haren armaduraren distirak txunditzea, haren diskurtsoak zuek konbentzitzea, haren jarrerak xarmatzea, grazia egitea, edo ematen duen izuak zabaltzen duen botereak zuek erakartzea. Baina zuen ustez, superbilauak ba al du beldurrik? Sufritzen al du? Galdetu al diozue inoiz zeuen buruari zerk bultzatu duen superbilaua horrela jokatzera?
Orain, atera zaitezte une batez komikitik edo fikziozko filmetik, eta saia zaitezte zuen errealitatearen antza handia duen beste batean sartzen: zuek marraztutako komiki batean edo zuek zuzendutako film batean. Aukeratu zer eszenatoki, pertsonaia eta superbotere agertuko diren. Marraztu gela bat, patioa; emaiozue forma. Birsortu eszena bat: gelara sartzeko unea, patiora irtetekoa, klaseak amaitzekoa… aukeratu duzuen eguneko momentu horretan, X-ek (jarri izena pertsonaiari), azken hilabeteetan egin duen legez eta aste honetan enegarrenez, X (jarri izena) umiliatzeko mezu iraingarri bat bidali du (aukeratu mezu mota: manipulatutako irudi bat, bideo bat, testu-mezu bat), adibidez, gelako whatsapp taldera (aukeratu aplikazioa). Hiru edo lau gelakidek mezu horiek babestuko eta indartuko dituzte (izena jarri horiei ere)… eta azkenik, jarri izena behatzen jardun duten eta esku hartu ez duten beste horiei guztiei ere. Amaitzeko, jarri izena gehien identifikatu zareten pertsonaiari: ezaguna al zaizue istorio hau?
Azken binetak, azken eszena baino ez zaizkigu falta: bi istorioen amaiera. Fikziozko Komikian edo filmean supebilauak, laguntzaileek lagunduta, biktima inguratzen du kalezulo ilun batean, barre egiten dute haren kontura, eraso egiten diote… Biktima, berriz, bakarrik eta izututa dago, nazkatuta dago hainbesteko indarkeriaz, ezin du gehiago… eta une horretantxe, superheroia agertzen da, eta salbatu egiten du. Baina zuen komikira egiten badugu atzera: izango al zenukete gaitasunik edo tresnarik hor esku-hartzeko? Izango al zenukete biktima salbatzeko botererik?
Argi dago zuen istorioan ez dagoela ez superheroirik, ezta superbilaurik ere, baina biktimak bai, eta komikietan bezalaxe, indarkeria jasaten dute, bakarrik sentitzen dira, beldurtuta… Istorioaren amaiera aldatzeko gai izango al zinatekete?
Erantzun bat utzi