Eremu digitalean proiektatzen duguna

Iturria // Argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2762/teknologia

Pasa den urtean, Durango Azokako Kabian, hitz berri bat ikasi nuen: NFT (non fungible token). Alegia, kripto-txanponen munduari lotutako teknologiarekin sorkuntza digitalei balioa eransteko aukera ematen duen prozesua. Bitcoin gisako kripto-txanponen ezaugarri bat da sistema publiko banatu batean oinarrituta daudela. Sistema publiko horren analogia bat kontabilitatean erabili ohi den liburu nagusiarena litzateke, non enpresa baten edozein mugimendu jasotzen den. NFTa sorkuntza digital baten erregistroa litzateke liburu nagusi horretan, sorkuntza horren jabea nor den jasotzeko modua. Ideia da artearen munduan historikoki egin dena errepikatzea: eremu fisikoan artelanak, orokorrean, bakarrak dira eta ezin dira errepikatu, eta beren jabetzaren inguruan merkatu bat existitzen da. NFTk ere hori bilatzen du, bainaΒ  digitalizazioaren ezaugarri interesgarrienetako bat guztiz alderantzizkoa da: berdin errepikatzea baimentzen duela. Askoren ustez jabetzaren inguruan espekulazio hutsa dakar horrek, negozio eredu berriak sortzeko bidean.

NFTaren ideia nora iritsiko den ez dakit, baina zenbat kostatzen zaigun eredu berriak pentsatzea. Batez ere sorkuntzaren eremuan, sorkuntza lana balioan jartzea zaila izaten baita, zer esanik ez errazki errepikakorra egiten duen eremu digitalean. Azken batean, horrelako ideiak sorkuntza digitalari loturiko jarduera eskaera-eskaintza merkatuaren logiketan txertatzeko ahaleginak dira. Orain arteko ereduak eremu digitalean proiektatzen gabiltza uneoro.

Inoiz ez bezala ordea, eremu digitalean sortzeko moduak aldatzen ari dira, errepikatzeko eta errazki partekatzeko aukerekΒ  sortzaile komunitateak biltzen dituzte gai ezberdinen inguruan. Beraz medioak berak gure betiko dinamiken inguruan pentsatzeko, esperimentatzeko eta egiteko aukerak dakartza, ez dugu zertan betiko bidea jarraitu balioa sortzeko, bestelako moduak ere proiektatzeko aukera dago.

Irudia: Cosimo the Elder // Egilea ez da ezagutzen

Lizentzia: Domeinu publikoa // https://www.oldbookillustrations.com/illustrations/cosimo-de-medici/

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude