Digitalizazioan eragiteko, harremanetan sakondu

Iturria // Argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2760/teknologia

Bizi dugun planeta hau harremanez josita dago. Lynn Margulis eta James Lovelock biologoek ideia horren inguruan Gaiaren hipotesia argitaratu zuten 1969an. Lynn Margulisek bizitzan pentsatzen zuenean testuinguru batean pentsatu ez ezik, “jatorrizko salda” batean pentsatu ez ezik, aukeraketak egiten dituen materian pentsatzen zuen. Ideia guztiz iraultzailea, hortik baitator gerorago sortu zuen sinbiogenesiaren teoria, hau da, izakien arteko harreman fisikoak, egokitzapenak, garena izateko. Margulisen hitzetan izaki bizidun guztiok sinbionteak gara, biotrukaketen bidez eraikitako bizigaiak.

Biotrukaketa harreman horiek egiteko moduak historikoki eragiten gabiltza gizakiak, teknologiaren bidez. Ez du zertan jokabide txarra izan, baina harremanetan bitarteko hegemonikoa bilakatzen ari den digitalizazioaren inguruan gure buruei galderak egiteko interesgarria da oso. Historikoki gizakiok naturarekiko izan dugun harremana oso ondo jasotzen du Mikel Laboaren Izarren Hautsa abestiak: “… ingurune latz bat menperatzeko premia…”. Eta jarrera horri ematen dizkiogu indarrak, bidean, naturarekiko eta bere “karga biologikoarekiko” geruzak eta geruzak sortuz.

Eraldaketa digitalarekin pixkanaka berdina egiten gabiltza, baina sortzen ditugun geruzek ez gaituzte soilik naturarekiko eta beste izakiekiko fisikoki urruntzen, beste pertsona batzuengandik, askotan gertukoak, aldentzeko joera dakarte.

Bestalde, pertsona askorentzat “ingurune latza” menperatzeak gainontzeko gizakiak dominatzeko botere harremanak eraikitzea esan nahi du, eta eraldaketa digitalak horretarako aukera ematen du. Sinbionteak garela ahaztu barik, zein eragin izango du horrek bizitzaren garapenaren baitan? Teknologia eta digitalizazioa bera sinbiogenesiaren parte bihurtuko dira?

Zorionez Euskal Herrian eragile asko dago gai hauen inguruan hausnartzen eta dugun digitalizazioak sor ditzakeen botere harremanak aurreikusten, eraldaketa digitalean eragiteko modua baita.

Irudia: Linnaeus’s mouse opossum (Marmosa murina) //
Lizentizia: Domeinu publikoa //https://www.oldbookillustrations.com/illustrations/marmosa-murina/

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude