hezkuntza digital kritikoa eta sorkuntza laborategia
Askotan saiatu bazara Arduinorekin hasten baina elektronikaren mundu zabalak izutu izan bazaitu, gauza guztietan bezala gogoratu, inor ez dela ikasita jaio, eta pausoka edozein gauza hasi daitekeela :).
Gida hau pausoz pausoz Arduinoren inguruan bidea egiteko prestatu dugu.
Arduino, euren web gunean azaltzen duten bezala, kode irekiko prototipatze plataforma da. Plataforma honek bi osagai dituela, alde batetik plaka elektroniko bat eta beste aldetik garapenerako baliabidea (IDE = Integrated development enviroment) procesing-en oinarriturikoa.
Kode irekikoa izanik plaka egiteko eskema elektronikoa eskuragarri dago (esteka honetan tutorial bat horren inguruan), eta softwarearen aldetik wiring-en oinarritua dago.
Arduino plaka:
Tamaina eta erabilera ezberdinetarako pentsatutako plaka ugari atera dituzte Arduino taldeko kideak. Guk Arduino UNO erabiliko dugu gida honetan. Hobeto ezagutzen duguna delako, eta gehien dokumentatuta dagoena delako, beraz gida honetatik aparte informazio asko aurkitu dezakezu.
Arduino UNO Atmega328 mikrokontrolagailu bati esker funtzionatzen du. Mikrokontrolagailu batΒ botere txikiko ordenagailu bat bezalakoa, gure kasuan Atmega328, honako ezaugarriak dituelarik:
- 32KBΒ gorde ditzake (Memoria)
- 2KB RAM memoria du (Random-access memory).
- 8-bit prozesatzailea 16MHZ abiaduran dabilena (CPU, prozesatzeko unitate zentrala)
- Sarrera boltaia 7-12V
- Sistemaren boltaia 5V
Ordenagailuak programa asko aldi berean exekutatzeko diseinatuak izan dira, mikrokontrolagailuak ordea gauza bat (programa bat) aldiro egiteko pentsatuta daude.
Ezaugari hauek, gutxi dirudite, baina gauza piloa egiteko balio dute.
Bestalde, pinak ia edozein gauzarekin konektatzea baimentzen dute, eta hauek kontrolatzeko (pinak) programatzen dugu plaka.
- Sarrera irteera digital pin kopurua: 14
- Sarrera analogiko pin kopurua : 6
- PWM pin kopurua: 6 Irteera analogikoak bezala jokatzen duten irteera digitalak.
Sarrera pinak botoiak, argi sentsoreak, tenperatura sentsoreak, argiak, teklatuak, arratoiak, musika instrumentu digitalak konektatzeko erabili daitezke.
Irteera pinak led-ak, motorrak, argiztapena kontrolatzeko, pantailak, Internetera sartu eta e-maila ikusteko…. erabili daitezke
USB bidez zure ordenagailua kontrolatu dezakezu, edota zure ordenagailua erabili Arduino plaka kontrolatzeko.
Arduino automatismoak egiteko baliabide interesgarria da interakzioak jaso ditzake (sarrerak) eta interakzioak sortu (irteerak). Horretarako konponente elektroniko ezberdinak erabiltzen dituelarik:
Sarrera konponenteak: sentsoreak, botoiak, distantzia sentsorea, sakatzailea,
Irteera konponenteak: led-ak, motorrak, pantaila, buferrak, ,..
Oharra: Arduino bat erosi aurretik, gogoratu badaudela zenbait leku publiko non hauek erabili daitezke. Momentuz Euskal Herri osoan guk dakigularik bat dago bakarrik:
- Donostian // Tabakalerako Medialabean (lehen Hirikilabs + Ubik) han plakak eskuragarri dituzu, baita konponenteak, eta gainera asko dakien komunitatea ere.
Ohiko arazoak plakarekin:
Askok zenbait Arduino plaka erre ditugu… elektronikaz gutxi dakigu eta lar ausartak garenez ba egiteari heltzen diogu. Hemen zure Arduino plaka kaltetu dezaketen zenbait praktika:
- Irteera pin bat zuzenean 5v edota 3v pinekin konektatzea
- Lurra pina zuzenean 5v edota 3v pinekin konektatzea
- Plaka geruza eroale baten gainean jartzea (metala)
- Sarrera pin batean 5v baino gehiago txertatzea.
- Vin pinean 12v baino gehiago txertatzea.
- Vin pinean korrontea txertatu USBarekin plaka elikatzen dugunean.
- Elektrizitate estatikoa handiko tokitan lan egitea.
Zein proiektu mota egin ditzaket Arduinorekin?
- Argiztapen proiektu bat
- Domotika proiektu bat
- Ureztapen automatizatu proiektu bat
- …