Barruraino

Iturria // Argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2841/teknologia-2

Aurreko astean konturatu nintzen duckduckgo nabigatzaileak baduela botoitxo bat, nabigatzailean irekita dituzun fitxa guztiak itxi eta datuak ezabatzen dituena. Oso bistakoa da botoia, sugar baten irudia, erraza ulertzeko, erraza azaltzeko.

Bazterkeria egoeran dauden pertsonekin lanean gabiltzanok eremu digitaleko nondik norakoak euren bizitzetara hurbiltzeko, halakoak behar ditugu. Google eta bestelakoak ondo baitakite sistemetan eta bizitzetan barruraino sartzen. Bazterkeria egoeran dagoen pertsona askok ez du bereizten nabigatzailea eta bilatzailearen artean, nabigatzaileen ezarpenetan ez dakite ibiltzen, batzuek irakurtzen eta idazten ere ez dakite… Zelan sortu pertsona hauentzako hezkuntza digital kritikodun programak, gero euren kabuz dabiltzanean dituzten tresnak euren ezagutza eta gaitasunetara egokituta ez badaude? Barruraino sartuta dute kapitalismo digitala euren gailuetan.

Digitalizazioaren aurrean zaurgarrienak diren pertsonek euren bizitza merkatu dinamiken eta klaseen interesetatik babestuko dituzten tresnak behar dituzte. Horrek ez du esan nahi ezjakintasunean izan behar ditugunik pertsonak, edota dugun errealitatea ezin dutenik ulertu, baina erraztu behar dugu bidea, gure bizitzetan barruraino sartu diren teknologien estrategia bera jarraitu beharko genuke, pertsonentzako pribatutasuna eta segurtasuna zaintzeko bidea eskuragarriagoa izan dadin.

Digitalizazioak denbora gutxi darama gurekin, eta gizartean badago piztuta zenbait korporaziorekiko mesfidantza. Hasiera batean, erabilgarritasuna eta bytak ziren plataforma batetik bestera igaro nahi izateko amua, eta gaur egun, nire ustez, aurreko ezaugarri horiek gaindituta, pribatutasuna eta segurtasuna modu gardenenean kudeatzea baimenduko duten zerbitzuak izango dira erakargarrienak.

Irudia // Chinche en Valverde, VilarromarΓ­s, Oroso, Galiza // Luis Miguel Bugallo // https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Chinche_en_Valverde,_Vilarromar%C3%ADs,_Oroso,_Galiza.jpg

Lizentzia // CC 3.0

aurrekoa

hurrengoa

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude