Analfabetoak izango gara

Gauzak egiteko modu anitz dago munduan, ur berorik ez baduzu, ur hotsa erabili dezakezu bainatzeko, edota lapikotan berotu eta bainatu. Baina, hainbeste dira ur beroa mementoan izatearen onurak, ezen beste teknologia batzuengatik ez nukeela aldatuko, batez ere bizi naizen lekuan (pisu txiki bat). Mendian biziko banintz, denbora askorekin eta lasaitasunean, behar bada ur beroa etxean izatea ez litzateke hainbesterako arazoa. Gizakiok ditugun beharrak, garai, leku eta bizimodu ezberdinen araberakoak izan ohi dira, eta horregatik teknologiarekiko pertzepzioa ere hauengatik baldintzatuta dago.

Azken aldian Bilboko hiriko zenbait nagusirekin, +65, gai hauetaz hitz egiteko aukera izan dut. Bakarrik bizi diren pertsonak, eta euren kabuz bizia egin behar dutenak. Adierazi didate egungo gizartean ez direla parte sentitzen, kanpoan sentitzen direla, gehienak hitz batekin definitzen dute euren egoera: analfabeto sentitzen direla. Digitalizazioa leku guztietan dagoela eta duten bizimodua aurrera eroateko beharrezkoa bilakatzen ari dela ohartzen ari direla. Beharbada, herri txiki batean biziko balira, familiarekin batera, bestelako harreman sozialak josteko aukera duen inguruan, non lobak, seme-alabak, gertu lituzketen, bizitzarako behar asko modu autonomoan bideratu ahal izango lituzkete. Baina, aipatzen ditudan nagusi hauek hirietan, pisu txikietan eta bakarrik bizi dira, familiatik urrun (familia baldin badute). Euren egunerokotasunari aurre egiteko gaitasuna digitalizazioak aurrera egiten duen heinean murriztuta ikusten dutenak. Horregatik, gaitasun digitalekin euren bizitza bakanduak lotura handiagoa izango luketela uste dute, eta izugarrizko ahalegina egiten ari dira gaurko gizartea ulertzeko eta egokitzeko. Gizartetik kanpo ez dute geratu nahi eta. Noraino dugu gizakiok ordea ikasteko gaitasuna?. Pasadan astean 82 urteko agure batek fisikoki egin ezin duen kudeaketa bat Internet bidez egiteko laguntza eskatu zidan. Pertsona argia iruditu zitzaidan, baina bere burua eta gorputza ez dituena logika berriak ikasteko moduan ikusten, laguntza behar zuena. Danok ditugu mugak, eta behar bada teknologien eraldaketekin eta horrek ekarriko dituen gizartearen aldaketekin noizbait guk ere analfabetoak izango gara. Asko hitz egiten da belaunaldi ezberdinen arteko harremanak sustatu behar direnaren inguruan, eta familiaren ideia oso aproposa izan da historikoki zentzu horretan, baina, familiaren ohiko ideia ere aldatzen doa, horregatik belaunaldi ezberdinen arteko elkar harremanak sustatzeko moduak pentsatu beharko ditugu, ostera beti geruza bakanduetan biziko dira nagusiak, eraldaketa teknologikoek ekarriko dituzten gizarte eraldaketei aurre egiteko aukera gabe.

Irudia // Haritulab

Lizentzia // 3.0

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude