Alternatibaren zentzuaren bila

Iturria: Argia

Esteka: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2750/teknologia

Iraileko azken astean, The Wall Street Journal egunkarian egindako ikerketa batean argitaratu zen Facebookek badakiela Instagram gazteentzako kaltegarria dela. Instagram Facebook enpresaren plataforma bat da.

Instagram plataformaren negozio eredua publizitatean oinarritzen da. Instagramek, pertsonak dituzten jokabideak aztertuz publiko targetak sortzen ditu plataformaren erabiltzaileekin, plataforma publizitate bide bezala erabili nahi duten enpresentzat. Instagram ekosisteman influenzerrak bizilagun garrantzitsuak dira. Instagramek eta influenzerrak diren saltzaile kontzeptu berriztu honek elkarrentzako onuragarria den sinbiosia sortu dute. Algoritmoek gobernatutako mundu horretan izan dezakegun eragina eta jaso dezakeguna gehienbat Instagramen eta influenzerren interesek dago baldintzatuta. Sare sozial izenaren ordez, promozio sarea izendatu beharko litzatekeela deritzot.

Pixkanaka-pixkanaka ulertzen joan naiz sare sozialak bezala ezagutzen ditugun plataformek (Facebook, Twitter, Twitch, Tiktok, Instagram…) ezin dutela gizartearen ideia errepresentatu. Mugak dituztela. Gizartearen ideia ezin irudikatu horretan plataforma hauek gizabanakoen jokabideen agregazioak aztertzen dituzte. Eta gizabanakoez osaturiko β€œgizarte” baten ideia helarazten digute. Baina gizartea banakakoen loturak eta karakterizazioak baino gauza konplexuagoa da. Gizartea eta merkatua gauza ezberdinak dira, eta azken urteetan dugun teknologiak, merkatuaren zerbitzura egonik, ez digu beste moduko teknologia batzuk pentsatzeko aukera dagoenik ere ikustarazi. Gaur egun ditugun promozio sare hauen alternatibak sortu nahi izango bagenitu, teknologia beste modu batean pentsatu beharko genuke, eta horregatik, pentsamendu ezberdin horretara bideratuko gaituen alternatibaren zentzua bilatzea da egun dugun erronka handienetarikoa teknologiak garatzerako orduan.

Irudia: Joseph Burn Smeenton // https://www.oldbookillustrations.com/illustrations/nautical-velocipede/

Lizentzia: Domeinu publikoa

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude