Sare sozialen eragina bizitzan

Iturria // Argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2811/teknologia

Sare sozialek zenbait onura dakartzate, baina botere harreman ugariren mendekotasuna ere badute. Mendekotasun horrek sare sozialen diseinuan eragiten du. Aurreko astean gazteen eta sare sozialen inguruan lantalde batekin aritu naiz. Taldean izan ginen Madril eta Bartzelonako unibertsitateetako ikertzaileak, gazteekin lan egiten duten irabazi asmorik gabeko erakundeak, kolektibo transhackfeministak, hezkuntzako eragileak, sareari eta bortizkeriari lotuta lan egiten duten elkarteak…

Agertu ziren hainbat ikuspuntu partekatuko ditut, hausnarketa zabaltze aldera. Batzuek pertsonaren gain ikusten dute ardura: azpiegitura, negozio eredu, diseinu eta algoritmoekiko akritikoak dira guztiz, eta pertsonek euren jokabideak lantzea da sare sozialekiko mendekotasuna murrizteko modua. Badaude hori beharrezko, baina ez nahikotzat jotzen dutenak, eta teknologia sozialen inguruan ikertzen dutenak. Eskatzen dute publikatu daitezela zein kalte ekar ditzaketen gazteentzat sare sozialen negozio ereduek bultzaturiko teknologien zenbait diseinuk, eta horren arabera gobernuek erregulazio berriak bideratu ditzatela.

Beste batzuk pribilegiatu batzuk gara, lortu baitugu (momentuz) sare sozial hegemonikoetan presentzia pertsonal zuzena izan barik bizitzea. Eta mezu hori ere gazteen baitan zabaltzea beharrezko ikusten dugu. Zelan izan egon barik? Non sortu beste harreman espazio batzuk? Nola sortu digitalari loturiko beste bizimodu batzuk?

Azkenik, bazeuden plataforma publiko hegemonikoetan (Twitter, Facebook, Twitch, Instagram, TikTok….) presentzia kritikoa mantentzea beharrezkotzat ikusten dutenak, gazteek beste bide batzuk badaudela ezagutu dezaten, saretzeko beste eredu eta azpiegiturak pentsatzen eta egiten dituzten bitartean.

Taldeak ulertzen du sare sozialen eragina bizitza osorako dela, jolasa zirudiena zentrala bilakatu dela gazte askoren bizitzetan, eta errealitate horri heldu behar diogula leku ezberdinetatik.

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude