Algoritmo kutsakorrak

Iturria // Argia

Esteka // https://www.argia.eus/argia-astekaria/2772/teknologia

Badago bizi dugun munduan plaza asko. Plaza batean, beste pertsonekin harremanak izateko, bertako jokabide kodeak ulertu eta onartu behar dituzu. Plaza zehatz horretako jokabide kodea jarraituta, harreman arrakastatsuak izan ditzakezu. Plaza digitaletan, sare sozialetan, jokabide kodeek algoritmo forma hartzen dute, plazaren jabeek nahi dituzten helburuak lortzeko diseinatuta dauden algoritmoak

Hala, gaur egun gizartean eragiteko bide ezberdinak ditugu: pertsonen arteko jokabide kodeak ez ezik, pertsonen arteko harremanak gidatzen dituzten algoritmoen jokabide kodeak ditugu.

Beti izan da zaila pertsonen arteko jokabide kodeetan eragitea, denbora eta lan asko behar da. Mundu analogikoan, ordea, pertsonen arteko jokabide kodeak ezagunak dira, gustuko ez duzuna hauteman dezakegu eta horren inguruan, orokorrean, ekintzaren bat egiteko gaitasuna dugu.

Algoritmoen kasuan ordea, nik ez dut nire burua gai ikusten eragiteko. Ez ditut algoritmo horiek publikatuta ikusten, jabeentzako abantaila konpetitiboa izanik jabetza industrialaren legeekin babestuta daudelako. Baina argitaratuko balituzte ere, ez dut behar den ezagutza haien baitan eragiteko.

Zentzu honetan, oso interesgarria iruditu zait ezagutu berri dudan Anna Heringer arkitektoaren pentsamendua. Proposatzen du bizi ditugun eraikinak ondoan ditugun materialekin eta komunitatean eraikitzea, iraganean bezala. Ideia horren atzean teknologia prekarioen kontzeptua dagoela uste dut. Ez du esan nahi lortuko den emaitza ez dela ona, baizik eta bidea denok ulertzeko eta eragiteko modukoa izango dela, gardena. Ideia horrekin ari dira lanean hacktibista asko, harreman digitalen zentzua berriz ere gure eskuetan jartzeko alternatibak garatuz. Anna Heringer-ek kutsakorra den zenbait arkitekturaz hitz egiten du, gure bizitzak eta komunitateak ahultzen dituen arkitekturaz. Beharbada, ildo berean, kutsakorra den zenbait algoritmiaren inguruan hitz egiterik dugu.

Irudia // happy thought // // https://www.oldbookillustrations.com/illustrations/happy-thought/

Lizentzia // Domeinu publikoa

Erantzun bat utzi

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude